Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
18 urteko gazte batek 19 ume eta bi irakasle hil ditu Texasko eskola batean izandako tiroketan
Poliziak tiroz hil du ustezko erasotzailea. 18 urte zituen eta udalerri horretako bizilaguna zen. Hildako guztiak ikasgela berdinean zeuden. Erasotzailea bertan gotortu zen, eta guztien aurka, bereizi gabe, tiro egin zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 22 pertsona hil dira, tartean 19 ikasle eta bi andereño, astearte honetan Texasko Uvalde herriko lehen hezkuntzako ikastetxe batean izandako tiroketan, bertako agintariek jakinarazi dutenez. Poliziak erasotzailea tiroz hil du; 18 urte zituen eta udalerri horretako bizilaguna zen.
Texasko agintarien arabera, erasotzailea Salvador Ramos da. Armatuta sartu da lehen hezkuntzako Robb eskolan, 11:37an, (18:37 Euskal Herrian) eta tiroka hasi da. Uvalde udalerria San Antoniotik 83 miliara dago (133 kilometro).
Hildako 19 adingabeak eta bi andereñoak ikasgela berdinean zeuden. Erasotzailea bertan gotortu zen, eta guztien aurka, bereizi gabe, tiro egin zuen, Poliziak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Chris Olivarez Texaseko Segurtasun Publikoko Departamentuaren bozeramaileak azaldu duenez, erasotzaileak bere amonari tiro egin zion etxean, ibilgailua hartu eta istripua izan zuen Robb Elementary ikastetxetik gertu.
Une horretan segurtasun indarrek lehen alerta deiak jaso zituzten, gizon armatu bat ikastetxera zihoala esanez.
Ikastetxea erasotzailearen helburua zen, edo ezbeharra izan eta hurbil zegoelako eraikinean sartu ote zen, oraindik ikertzen ari direla gaineratu du Poliziako bozeramaileak.
Nahiz eta bilobaren tiroak jaso, Ramosen amona bizirik dago, eta agintariak haren aitona bilatzen ari dira.
Asiara egin duen bidaiatik itzuli berritan Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak galdetu du ea noiz egin behar dion herrialdeak aurre armen lobbyari.
Ameriketako Estatu Batuetako eraikin ofizialetako banderak masta erdian egongo dira larunbatera arte, hildakoak gogoan.
Azken hamarkadan ikastetxe batean izandako bigarren tiroketa larriena da. 2012an Newtongo (Connecticut) eskola batean 26 pertsona hil zituzten. Hirugarren larriena, berriz, 2018an izan zen Parklandeko (Florida) institutu batean. 17 pertsona hil ziren orduko hartan.
Armen kontrolerako oztopoak
Armen inguruko eztabaida, berriro, erdigunean jarri eraso honek. Greg Abbot Texaseko gobernadorea suzko armen defentsore sutsua izan da beti, eta 2021ean estatu mailako hainbat lege babestu zituen, herritarrek mota horretako armak edukitzea ahalbitzen zituztenak.
Barack Obama AEBko presidente ohia izan da armen inguruko legea zorrozteko jarrera argiena erakutsi duen mandatarietako bat. Batez ere, arriskutsutzat jotzen diren pertsonei armak izatea debekatzea babestu zuen irmoki, eta horren erakusle dira historiara pasatuko diren bere zenbait agerraldi; 2012an Sandy Hook eskolan izandako hilketen ondotik negar-malkotan egin zueneko hitzaldia, esaterako.
Erriflearen Elkarte Nazionala da, gaur egun, herritarrek armak izateko aukera izatearen defendatzaile nagusia Estatu Batuetan. "Armagintzaren lobbya" deitzen diote. Baina ez daude bakarrik, eta agertoki politikoan babes zabala dute, Alderdi Errepublikanotik hasita.
Armen edukieraren araudian murrizketarik nahi ez dutenek AEBko Konstituzioaren Bigarren Emendakina erabiltzen dute argudio gisa: "Estatu aske batean segurtasunerako ondo antolatutako milizia bat beharrezkoa denez, herriak armak edukitzeko eta eramateko duen eskubidea ez da inoiz urratuko". Printzipio hori moldatzea edota ezabatzea oso zaila da, bertako egungo araudiaren arabera.
1788an onartutako araudia da indarrean dagoena, eta horrek jasotzen duenez, armei buruzko emendakina moldatzeko edota ezabatzeko, Kongresuko bi ganberen bi herenen babesa behar da eta, aldi berean, estatu guztien (38) hiru laurdenena. Bigarren aukera bat ere badago, oraingoz inork erabili ez duena: estatuen bi herenek konbentzio konstituzionala deitzea.
NBEren gaitzespena
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gogor gaitzetsi du Texasko Uvalde herrian atzo izan zen erasoa. "Idazkari nagusia zeharo hunkituta eta goibelduta dago Uvaldeko lehen hezkuntzako eskola batean izandako tiroketa izugarriagatik. Bereziki bihozgabea da biktima gehienak haurrak izatea ", adierazi du Guterreseko bozeramaileak, ohar baten bidez.
NBEko idazkari nagusiak doluminak igorri dizkie biktimen familia eta lagunei, eta eskola-komunitate osoari.