Mundua -
Errusia
Alexei Navalni errudun jo du Errusiako justiziak, iruzur egitea eta epaile bat iraintzea egotzita
Hamahiru urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, baita 1,2 milioi errubloko (9.500 euro) isuna ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako justiziak errudun jo du Alexei Navalni oposizioko burua, iruzur egitea egotzita. Gainera, Fiskaltzak hamahiru urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Hortaz, aurreikusitakoa baino denbora gehiago emango du kartzelan.
"Navalnik iruzur egin zuen, hau da, beste pertsona batzuen jabetzak lapurtu zituen gezurrak erabiliz eta konfiantza urratuta", esan du Lefortovoko Margarita Kotova epaileak, Moskun, epaiaren azken irakurketan.
Hala, epaileen arabera, lau iruzur kasutan egon da nahasita, eta frogatutzat eman dute men ez egitea egotzita Navalniren aurka jarritako salaketa, Interfax albiste agentzia errusiarraren arabera.
Errusiako Fiskaltzak hamahiru urteko kartzela zigorra eta 1,2 milioi errubloko (9.500 euro) isuna eskatu zuen harentzat iragan astean, arriskutsua dela argudiatuta, eta bere ingurukoekin batera eta berak zuzendutako erakunde nagusien bidez, azpikerian ibili izana egotzi zion.
2021ean Moskura itzuli zenetik, atxilotuta dago Navalni. Justiziak bi urte eta erdiz espetxeratzeko agindua eman zuen orduan, iruzurra egotzita. Hilabete batzuk lehenago, pozoitu egin zuten.