Mundua -
Rabaten proposamena
Mendebaldeko Sahara "eskumen mugatuko eskualdetzat" hartzen duen Marokoren egitasmoa
Rabatek autonomia plana 2007an aurkeztu zuen NBEren aurrean. Praktikan, Espainiako kolonia ohiari independentzia lortzeko edozein bide ixtea suposatzen du.
Agentziak | EiTB Media
Marokok Mendebaldeko Sahararentzako autonomia plana 2007an aurkeztu zuen NBEren aurrean, eta gaur defendatzen jarraitzen du, baina Espainiako kolonia ohiari independentzia lortzeko edozein bide ixtea suposatzen du praktikan, segurtasuna bezalako arloetan Rabaten menpe geratuko litzakeelako.
"Behin-betiko irtenbide politiko baten aldeko Marokoren konpromisoa" bezala definitu zuten proposamena. "Kale itsuan" bihurtu den talka diplomatikoa konpontzeko ekimen gisa planteatu zuten, Mendebaldeko Sahararen etorkizuna zehazteko.
Rabatek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa kontrolatzen duen Fronte Polisarioari elkarbizitzarako agertoki berri bat proposatzen dio, "bizikidetza errazteko".
Polisarioaren hitzetan, aldiz, proposamen onartezina izan da beti, erreferendumeko aukeren artean erabateko autodeterminazioa agertzea nahi duelako.
Rabatek independentzia baztertu du beti, eta lurraldea Marokon jarraitzea onartzen du soilik, eskumen batzuk lagaz.
Horrela, Marokoren egitasmoaren arabera, Mendebaldeko Saharak organo legegile, exekutibo eta judizial propioak izango lituzke, baina guztien ebazpenak Estatuaren irizpideetara egokitu beharko lirateke. Plana erreferendumean babestu beharko lukete herritarrek.
Estatuak "eskualde autonomoari" eskumenak emango lizkioke ekonomia, azpiegitura, gizarte garapen eta kulturan, besteak beste, baina arlo garrantzitsuak Rabaten eskuetan jarraituko lirateke, defentsa, kanpo harremanak edo erlijioa esaterako, Mohamed VI.a erregearen kontrolpean, hain zuzen ere.
Rabatek ez du ekimena aldebakarreko inposaketa bezala planteatzen, aldebiko konponbide "onargarri" batera iristeko tresna bat gisa baizik.
Aurkeztu eta 15 urte geroago, ordea, ez du prozesua bideratzeko balio izan, eta Polisarioak autodeterminazio erreferenduma soilik babestuko duela dio.
Frantziak Marokoren autonomia egitasmoa babestu du. Eliseo Rabaten aliatu garrantzitsu bat da, Parisek Maroko Segurtasun Kontseiluan askotan defendatu baitu.
Espainiaz gain, Alemaniak ere Rabaten ekimenari babesa eman dio, Olaf Scholzen koalizioa Gobernuaren eskutik.