Mundua -

Lurrikara

Gutxienez lau hildako eragin ditu Fukushimako lurrikarak

Ezarritako tsunami-alerta bertan behera utzi dute. Fukushimako zentral nuklearrean suteen aurkako alarma faltsu bat piztu da, eta hozte-sisteman kalteak eragin ditu lurrikarak. Arazo horiek jada konpondu dituzte.

Lurrikararen ondorioak jatetxe batean. Argazkia: EFE
Lurrikararen ondorioak jatetxe batean.
Lurrikararen ondorioak jatetxe batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez lau hildako eta 194 zauritu eragin ditu Japoniaren ipar-ekialdean atzo izandako lurrikarak. Japoniako meteorologia agentziak kostaldean metro baterainoko olatuak izan zitezkeela ohartarazi zuen. Lurrikara gertatu eta bost ordura, ordea, agintariek tsunami-alarmak bertan behera utzi dituzte, datozen egunetan jarduera sismiko handia egon daitekeela aurreikusi arren.

Atzo gauerdi aldera jazo zen lurrikara, 23:36an (14:36 GMT), Fukushimako eta Miyagiko kostaldean, 57 kilometroko sakoneran.

Itzalaldiak eta istripuak

Lurrikarak etenaldi handiak eragin zituen Japonia osoko energia horniduran. Tokion eta inguruetan bi milioi etxebizitza baino gehiago argindarrik gabe geratu ziren, eta Tohoku eskualdean (Fukushima bertan dago) 156.000 etxebizitza baino gehiago hornidura elektrikorik gabe geratu ziren, argindar konpainiek jakinarazi dutenez.

Japoniako JR East tren enpresaren arabera, tren bat errailetatik atera zen Fukushimako eta Shiroishizaoko geltokien artean. Hala ere, 75 bidaiarietako bat ere ez zen zauritu, ezta tripulazioko hiru kideak ere.

Japoniak lurrikarak sailkatzeko duen eskalak 7 maila ditu, eta atzoko lurrikarak 6. maila harrapatu zuen. Intentsitatea baino lurrazaleko eta kaltetutako eremuetako ondorioak neurtzen ditu. Japoniako ekialdeko eta erdialdeko beste toki batzuetan ere nabarmendu zen dardara, eta Tokion, esaterako, 4. mailara iritsi zen.

Fukushimako zentral nuklearra

Fukushimako zentral nuklearreko TEPCO operadoreak suteen aurkako alarma faltsu bat antzeman zuen aktibo ez dagoen erreaktore batean, eta erabilitako erregaia hozteko sistema bat eten zen. Dena den, arazo horiek konpondu dituzte jada. Oraingoz ez da erradioaktibitatearen gorakadarik antzeman ez zentraletan ezta horien inguruetan ere.

Dardaren ondorioz, desplazatu egin zen ur kutsatua (tratatutakoa) duen tanke bat, 2011ko hondamendiaren eraginez erreaktoreak hozteko erabili zuten ura duena. Operadoreak, baina, esan du ez dutela aldaketarik antzeman ontzien presioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Japonia albisteak Gaurko titularrak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Lurrikarak gaur Tsunami alerta gaur