Mundua -

ukrainako gerra

Errusiako tropek fotokazetari estatubatuar bat erail dute, Kieveko poliziaren arabera

Ukrainako agintariek berretsi dutenez, Brent Renaud kazetaria hil dute errusiar soldaduek. Gainera, beste berriemaile bat ere zauritu dute Kiev mendebaldean, Irpinen, izan den tiroketan.

Brent Renauden NYTeko akreditazioa. Argazkia: EFE
Brent Renauden NYTeko akreditazioa. Argazkia: EFE
Kazetari estatubatuar bat tiroz hil dute Errusiako tropek Ukrainan

1:24

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako indar armatuek Brent Renaud estatubatuar kameralari eta fotokazetaria erail dute eta World Press Photo saria irabazitako Juan Arredondo argazkilaria zauritu, Irpinen, Kiev mendebaldean, izandako tiroketa batean, Ukrainako hiriburuko poliziak Facebook bidez jakinarazi duenez. Herrialdeko Parlamentuak ere berretsi du gertatutakoa, sare sozialetan.

Kamerari eta bideolariak 'The New York Times' egunkariko kazetari gisa identifikatzen zuen akreditazioa zeraman. Bertan lan egin izandakoa zen 2015 arte eta, hedabidetik argitu dutenez, Renaudek ez zuen unean haientzat lan egiten, hasiera batean Ukrainako autoritateek adierazi bezala.

Andrri Nebitov Kiev eskualdeko Poliziako buruaren esanetan, "inbaditzaileek nazioarteko hedabideetako kazetariak ere hiltzen dituzte, Errusiako tropek Ukrainan egiten dituzten basakerien errealitatea erakusten saiatzen ari direnean".

Polizia buruak bi argazki argitaratu ditu Facebooken, Renauden identifikazioarena eta Estatu Batuetako herritarra dela berresten duen pasaportearena.

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak esan du kazetariaren heriotzak "dagozkion ondorioak" izango dituela

Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) taldeak, berriz, Renauden heriotza argitzeko ikerketa eskatu du: "Brent Renaud dokumentalistaren heriotzaren nondik norakoak eta berarekin zihoan kazetariak Kieven jasan duten erasoa argitzeko eskatzen dugu. Kazetariak ezin dira gerra baten helburu izan!", salatu dute sare sozialetan. B

Brent Renaud kameralari estatubatuarra Irakeko gerran, Afganistanen eta Libian ibilia zen, besteak beste. 

2014ko krisia hasi zenetik, Krimean eta Donetsk eta Luhansk probintzietan, 10 kazetari hil dituzte, indarkeriaz, Ukrainan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ukraina Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza Errusia-Ukraina gerra gaur