Mundua -
Ukrainako gerra
Putinen ahotan, mendebaldeko gobernuek Errusiari errua bota nahi diote energia prezioen gorakadagatik
Errusiako presidenteak ziurtatu duenez, mendebaldeko gobernuek herritarrak "engainatu" nahi dituzte. Prezioek gora egiten baldin badute, "ez da gure errua", esan du Putinek.
Agentziak | EiTB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ziurtatu duenez, mendebaldeko gobernuek herritarrak "engainatu" nahi dituzte, eta Errusiari errua bota energia prezioen gorakadagatik, haien "hanka-sartzeak" ezkutatuz.
Errusiako agintariak azpimarratu duenez, Mosku Europarekiko eta munduarekiko, Ukraina barne, energia hornidura konpromiso guztiak betetzen ari da.
Prezioek gora egiten baldin badute, "ez da gure errua", esan du Putinek. Joe Biden AEBko presidenteak Errusiako gas eta petrolio inportazioak debekatu eta bi egun geroago mezua zabaldu du Putinek.
Zentzu horretan, Errusiako energiak AEBko merkatuan duen pisua eskasa dela gogorarazi du. "Herritarrei engainatzeko erabaki horien atzean ezkutatzen dira", kritikatu du.
"Gure herrialdearen eta ekonomiaren aurka pausoak ematen ari diren estatuei dagokionez, herritarrei gerrikoa estutzeko eta arropak janzteko eskatzen ari direla oso ondo dakigu. Eta zigorrak jarri dizkigutelako egoerak okerrera egin duela diote", adierazi du Putinek Gobernu bileran, Errusiako albiste agentzien arabera.
Erantsi duenez, "guztia oso bitxia da, gure eginbehar guztiak betetzen ari garelako bereziki. Beste behin ere esango dut, energia horniduran gure konpromiso guztiak betetzen ari gara", azpimarratu du Putinek batzarrean.
"Gu ez gara itxiko"
Gainera, Errusia uzten ari diren atzerriko enpresen aktiboak Moskuk kudeatu ditzakeela adierazi du buruzagiak.
"Gu ez gara itxiko, atzerriko gure bazkide guztiei zabalik gaude, hala nahi baldin badute. Errusian dauden atzerriko inbertitzaileen eta lagunen eskubideak modu fidagarrian babestu behar dira", defendatu du.
"Hori bistatik ez galtzea eskatu nahi diot Gobernuari, ekoizpen lantegiak itxi behar dituztenen aurrean, zirt edo zart egin behar da… gobernuko presidenteak aditzera eman bezala, kanpo kudeaketa bat sartu eta enpresa lan egin nahi dutenen esku utzi", erantsi du. "Merkatu eta lege tresna nahiko daude", nabarmendu du.