Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Visak eta Mastercardek bertan behera utzi dituzte operazio guztiak Errusian
Errusiarrek jada ezingo dute operaziorik egin plataforma hauen bitartez ezta txartel horiek erabili ere. Azken egunotan enpresa askok utzi dute euren jarduera bertan behera, Errusiari presioa egiteko, Ukrainako inbasioagatik.
E. J. | EITB MEDIA
Visak eta Mastercardek bertan behera utzi dute euren jarduna bart Errusian. Hala, hemendik aurrera biztanleek ezingo dute trantsakziorik egin plataforma horien bidez ezta zordunketa zein kreditu txartelik erabili ere.
Al Kelly Visako presidente eta zuzendari exekutiboak azaldu duenez, "zerbait egin beharra daukagu Errusiak Ukrania inbaditu ondoren eta ikusi ditugunak ikusi eta gero".
Nazioarteak Errusia ekonomikoki estutzea erabaki du gerragatik. Duela astebete Ameriketako Estatu Batuek eta Europa Batasunak (EB), mendebaldeko hainbat herrialderekin batera, hainbat banku errusiar Swift sistematik ateratzea erabaki zuten, nazioarteko finantza sistematik deskonektatuz.
Azken egunotan, hainbat enpresa garrantzitsuk ere euren jarduna bertan behera utzi dute Errusian.
Eta mundu mailako komunikabideak euren kazetariak bertatik ateratzen ari dira.