Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak setiatuta du Kiev, eta mehatxu egin die Suediari eta Finlandiari
NATOrekin bat egiten badute, "ondorio politiko-militar larriak" izango dituztela ohartarazi die Moskuk bi herrialdeei. Bestalde, Estatu kolpea emateko deia egin dio Ukrainako Armadari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak Ukrainan abiatutako inbasioak bigarren eguna izan du ostiral honetan, eta fronteak irekita daude arlo militarrean, diplomatikoan eta propagandistikoan ere bai. Tropa errusiarrak Kiev setiatzen ari diren bitartean, Moskuk Estatu kolpea emateko deia egin dio Ukrainako Armadari, eta ondorio militarrekin mehatxu egin die Suediari eta Finlandiari, NATOrekin bat egiten badute. Testuinguru horretan, 'kontakizunaren gerran' barrena ere daude Ukraina eta Errusia, bake-negoziak nork nahi dituen eta nork ez ere lehian baitute.
Gaur arratsaldean, Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak mehatxu egin die Finlandiari eta Suediari, eta NATOrekin bat egiteak "ondorio politiko-militar larriak" izango lituzkeela ohartarazi die.
Europako iparraldeko bi herrialdeek babesa agertu diote Ukrainari, errusiar inbasioaren aurrean. Gainera, egun NATOko kideak ez diren arren, begirale gisa gonbidatu dituzte Aliantza Atlantikoaren ezohiko goi-bileran.
"Finlandiak eta Suediak ez dute euren segurtasuna oinarritu behar beste herrialde batzuen segurtasunari kalte egiten", nabarmendu du Zajarovak, Newsweek aldizkariak jasotako adierazpenetan.
"Argi dago Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiteak ondorio politiko-militar larriak izango lituzkeela, eta gure herrialdea erantzuteko behartuta egongo litzatekeela", azpimarratu du.
Atzo, Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak adierazi zuen Errusiak Ukrainan abiatutako inbasioak "aldaketa" ekarriko duela bere herrialdea NATOn sartu edo ez eztabaidan.
Azken orduetan, gainera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskertu egin die Suediari eta Finlandiari helarazitako laguntza militar, tekniko eta humanitario guztia.
Putinek agintea hartzeko eskatu dio Ukrainako Armadari
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Estatu kolpea ematen eta Volodimir Zelenski presidentea agintetik kentzeko deia egin dio Ukrainako Armadari, horrela inbasioari amaiera emateko akordioa lortzea "errazagoa" izango delakoan.
Ordu batzuk lehenago, Zelenskik negoziatzea eskatu dio Putini, eta Kremlin prest agertu da Bielorrusiara ordezkaritza bat bidaltzeko.
Errusiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, Zelenskik Ukraina NATOn sartzeari uko egitea eskaini dio Errusiari.
Betiere Moskuren arabera, Ukrainak Varsovia (Polonia) proposatu du balizko bake elkarrizketak egiteko eszenatoki gisa, eta ondoren "hautsi" egin du komunikazioa, bi aldeak propaganda gerran ere ari diren erakusle.