Mundua -
Errusia-Ukraina gatazka
Putinek Donetskeko eta Luhanskeko errepubliken independentzia aitortu du
Donbasseko errepubliken independentzia aitortzeko adierazpena arratsalde honetan sinatu du Vladimir Putinek, eta tropa errusiarrei bi herri horietan sartzeko agindu die, "bakea bermatzeko helburuarekin".
Agentziak | EiTB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donetsk eta Luhansk herri errepubliken independentzia ofizialki aitortu du eta Ukrainako mugan dauden tropa errusiarrei bi herrietan horietan sartzeko agindua eman die, eskualde horretan "bakea bermatzeko helburuarekin".
Dekretua sinatzeko ekitaldia Kremlinen egin dute eta bertan izan dira Denis Pushilin eta Leonid Pasechnik Donetskeko eta Luhanskeko buruzagi independentistak.
"Uste dut beharrezkoa dela Donetskeko eta Luhanskeko errepubliken independentzia berehala aitortzea", adierazi du telebista bidez eman duten diskurtsu luze batean. Ildo horretan, Errusiako Parlamentuari eskatu dio berretsi ditzala gaur bi errepublikekin sinatu dituen itunak.
Putinek ziurtatu du Donbassen egoera "kritikoa eta larria" dela. 2014az geroztik, independentisten eta Ukrainako Armadaren arteko borrokak izan dira eta, guztira, 14.000 pertsona inguru hil dira.
"Azpimarratu nahi dut Ukraina guretzako ez dela herrialde bizilaguna. Errusiaren historiaren, kulturaren eta eremu izpiritualaren zati bat dira. Gure burkideak eta senideak dira", nabarmendu du.
Horrez gain, Putinek salatu du Ukrainako Gobernuak "irtenbide militarra" soilik eskaintzen duela Donbass eskualderi lotutako gatazkan eta "eraso militarrak berehala eten" ditzala exijitu dio. "Hala egiten ez badute, erantzukizun guztia Kieveko agintariena izango da", ohartarazi du.
Ukrainaren balizko sarrera NATOn
Bestalde, Putinek salatu du Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk ez diotela bermerik ematen Ukraina Aliantzan sartuko ez dela ziurtatzeko eta, ondorioz, bere neurriak hartuko dituela adierazi du.
"Mapa ikustea besterik ez dago mendebaldeko herrialdeek NATO ez zabaltzeko hartu zuten konpromisoa bete duten ala ez ikusteko. Engainatu egin gaituzte. Bost alditan handitu dute NATO", kritikatu du.
"Eta, horren ondorioz, Aliantza eta bere azpiegitura militarra Errusiako mugaraino iritsi dira. Hori da Europako segurtasun krisiaren gakoetako bat, bi aldeen arteko konfiantza urratu baita", erantsi du.
"Ukraina NATOn sartzen bada, Errusiaren kontrako mehatxu militarra biderkatu egingo da", berretsi du.