Mundua -
tentsioa ukrainan
Espainiak Ukrainan dauden herrikideei eskatu die herrialde hori "aldi baterako" uzteko
Kanpo Arazoetako Ministerioaren adierazpenen ostean, euren herrikideei Ukrainatik itzultzeko gonbita egin dieten herrialdeen zerrenda luzeari batu zaio Espainia.
agentziak | eitb media
Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministerioak Ukrainara ez bidaiatzea gomendatu du, herrialdeak Errusiarekin duen tentsioagatik bizi duen segurtasun egoera "ahula" dela eta, eta bertan bizi diren espainiarrei gomendatu die "aldi baterako" herrialdetik ateratzea.
Gainera, Ministerioko iturriek larunbat honetan baietsi dutenez, Espainia "prest" dago Ukrainan ebakuazio plana aktibatzeko. Edonola ere, lasaitasuna eskatu dute.
Momentuz, "egoera aztertzen" ari dira, baina ebakuazio plan hori "prest" dago, "hala behar izanez gero" aktibatzeko.
Hala, euren herrikideei Ukrainatik itzultzeko gonbita egin dieten herrialdeen zerrenda luzeari batu zaio Espainia. Tartean dira Hego Korea, Japonia, Israel, Herbehereak, Danimarka, Norbegia, Letonia, Estonia, Alemania, Italia, Suedia, Luxenburgo eta Belgika.