Mundua -
Txertaketa
Australiara sartzeko betetako formularioan Djokovicek gezurra esan ote zuen ikertzen dabiltza
Bestalde, Ana Brnabic Serbiako lehen ministroak Novak Djokovic tenislariaren eskubideak errespeta ditzatela eskatu dio Australiako Gobernuari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ikerketa abiatu dute Novak Djokovic tenislari serbiarrak Australiara sartzeko orduan gezurra esan ote zuen jakiteko. Izan ere, tenis jokalariak adierazi zuen Australiara iritsi aurreko bi asteetan ez zuela beste herrialderik bisitatu. Gezurra esan zuela baieztatuz gero, bisa berriro ken liezaiokete agintari australiarrek, hainbat komunikabidek aipatutako Gobernu iturrien arabera.
Covid-19aren aurkako txertoa jarri ez badu ere, astelehenean Australiako auzitegi baten baimena lortu zuen Djokovicek bertan geratzeko, nahiz eta Gobernuak herrialdetik kanporatzeko eskubidea duen oraindik.
Gobernuko iturri batek The Sidney Morning Herald egunkariaren jakinarazi dionez, tenis jokalariak bisa lortzeko bidali zuen bidaia dokumentua aztertzen ari dira.
Dokumentu horren arabera, "ez" laukia bete zuen herrialdera iritsi aurreko 14 egunetan bidaiaren bat egin ote zuen galdetzen zuen puntuan.
Mediku txostenek, gainera, erakutsi zuten abenduaren 16an covid-19ak jota zegoela Djokovic. Gabonak, baina, Belgraden igaro zituen, sare sozialetan argitaratutako argazkiek erakusten dutenez. Alegia, Serbian egon zen Espainiara joan aurretik. Hain zuzen ere, Espainian hartu zuen hegazkina, urtarrilaren 4an, Dubaira joateko. Handik Australiara joan zen.
Bidaia dokumentuari buruz, Djokovicek adierazi du Australiako tenis federazioa- Australiako Irekia antolatzeaz arduratzen dena- izan zela formularioa bete zuena.
Australiako legeen arabera, "irain larria" da adierazpen faltsu oro, eta hamabi hilabeteko kartzela zigorra ekar dezake horrek.
Djokovicen eskubideak errespetatzeko eskatu dio Serbiak Australiari
Ana Brnabic Serbiako lehen ministroak Novak Djokovic tenislariaren eskubideak errespeta ditzatela eskatu dio Australiako lehen ministro Scott Morrisoni. Izan ere, aurretik aipatu bezala, Australiatik kanpora lezakete oraindik ere tenis jokalaria, auzitegietan arrazoia eman dioten arren.
Gauerdian bidalitako ohar batean zehaztu dute telefono bidez izandako elkarrizketan Brnabicek esandakoa: "Oso garrantzitsua da Djokovicek entrenatzeko baldintzak bete ahal izatea, aurki iritsiko den txapelketara begira".
Horregatik, Brnabicek Morrisoni galdegin dio gizatasunez eta duintasunez jokatzeko.
Halaber, datozen egunetan gobernuen arteko informazioa elkartrukatzea eskatu dio, eta esan du Serbia prest dagoela Australiari berme guztiak eskaintzeko.