Mundua -
Hauteskundeak Alemanian
Nola lortu du Merkelek 2005etik agintean egotea?
Alemaniako buruzagiak hamaika erronka izan ditu legegintzaldiotan, tartean finantza krisia, errefuxiatuena eta pandemiarena. Guztietatik onik atera da.
agentziak | eitb media
Angela Merkelen agintaldiaren ezaugarri nagusia krisiei aurre egin behar izatea izan da, eta "urrats txikien politika" ezartzea. Horixe azpimarratu zuen 2005ean agintera iritsi zenean egindako hasierako adierazpenetan.
Lehenengo legegintzaldian ez zuen lortu Alderdi Liberalarekin (FDP) koalizioa egitea, bere asmoa zen arren, eta lehen "koalizio handia" osatu zuen bere alderdiarekin (CDU), CSU Batasun Sozialkristauarekin eta SPD Alderdi Sozialdemokratarekin.
Erretiro adina
Koalizio handiak erretiro adina apurka 67 urtera atzeratzea onartu zuen, osasun, lan eta enpresen tributazio arloetan egin behar zituen beste "ezinbesteko" erreformetatik lehena.
Hala eta guztiz ere, egitasmo hori bertan behera geratu zen unean uneko beste krisi batzuengatik.
Finantza krisia
Hori horrela, 2008ko finantza krisia izan zen Merkelen lehenengo erronka handia: aurrezkiak gorde egingo dituztela hitzeman zuen, izua baretzeko eta herritarrek dirua banketxeetatik atera ez zezaten.
Aldi berean, kontsumitzaileentzako pizgarriak jarri zituen martxan, eta langabeziaren gorakada galarazteko tresnak. Gainera, agintaldian beti egin du behera langabeen kopuruak.
Energia atomikoa
2009an, Merkelen bigarren gobernuak energia nuklearra bertan behera uzteko egitasmoa gelditu egin zuen, Gerhard Schroderren koalizio gorri-berdeak ezarri zuena.
Baina Fukushimako hondamendia gertatu zenean, Merkelek irauli egin zuen erabakia, eta hasierako egitasmoa berreskuratu zuen, liberalen eta zenbait alderdikideren iritziaren aurka. "Fukushimak aldatu egin du energia nuklearraz dudan iritzia", adierazi zuen.
Greziako krisia
Greziako krisiak beste erronka baten aurrean jarri zuen Merkel: hasieran esan zuen Greziak laguntzarik gabe irten behar zuela krisitik, baina erreskate funtsak onartu zituen ondoren, "beste aukerarik ez" zegoelakoan.
Europan Merkeli zuhurtzia politikak inposatzea leporatzen zitzaion bitartean, Alemanian, alderdi eskuindarren partetik, erreskate mekanismoak sortzea leporatzen zioten. 2013ko hauteskundeetan, Merkelek inoizko emaitza onena lortu zuen.
Gutxieneko soldata
Bere agintaldietan sortu zen gutxieneko soldata, aurretik Alemanian existitzen ez zena, eta soldata hori Gobernuak erabaki beharrean batzorde independente batek egitea adostu zuten (gaur egun lan orduko 9,6 eurokoa da).
Zorra eta eurobonuak
Greziako krisia larritu egin zen eta Europa hegoalde osoari eragin zion ia, baina Merkelen Gobernuak uko egin zion askok proposatutako formulari: zor komuna jaulkitzea.
Berlinek berretsi zuen erreskate funtsetako laguntzak jasotzeko baldintza batzuk bete behar zirela, murrizketa sozialak tarteko, eta horren aurka agertu ziren kaltetutako herrialdeak, Grezia bereziki.
Europako herrialde gehienek gogor jo zuten Merkel eta Wolfgang Schauble Finantza ministroaren aurka, baina Alemaniako oposizioak uste zuen erreskate funtsak onartzea bera gehiegizkoa zela.
Errefuxiatuen krisia
Merkelek, kide europarrei galdetu gabe, 2015ean Europara iritsi ziren errefuxiatuak hartzea erabaki zuen, horrek zatiketa eragin zuen kontserbadoreen artean, eta ultraeskuinaren diskurtso islamofoboa eta arrazista indartu zuen.
Merkelek ez zuen lortu errefuxiatuak Europan banatzeko mekanismo bat sortzea, eta hasierako erabakia Alemanian ondo hartu bazen ere, erreakzioak indartu egin zuen ultraeskuina.
Pandemia
Merkelen aroaren azken erronka handia izan da pandemia. Hasieran, eustea lortu zuen murrizketa eta konfinamendu zorrotzik gabe, baina bigarren eta hirugarren olatuek gogor jo zuten herrialdea.
Gainera, Europako kideen zorpetze komunaren tabua hautsi eta pandemiaren ondorengo susperraldirako laguntza funtsak onartu ditu.