Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Bidenek I-11ko atentatuen inguruko dokumentuak desklasifikatzeko agindua eman du
Hain zuzen ere, Al-Qaidak burututako eraso horietatik 20 urte igaro baino egun batzuk lehenago iragarri du erabakia Etxe Zuriak, sei hilabeteko epean dokumentuak argitaratzeko helburuarekin. Irailaren 11ko atentatuetan 3.000 pertsona inguru hil ziren.
Agentziak | EITB Media
2001eko irailaren 11ko atentatu terroristak argitzeko asmoz, FBIk egindako ikerketari buruzko sekretupeko dokumentuak desklasifikatzeko agindua eman du Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak ostiral honetan.
Hala, Bidenek agindu exekutibo bat sinatu du gaur, eta, horren bitartez, dokumentuak berrikusteko agindu die AEBko Justizia Departamentuari eta beste gobernu-agentzia batzuei. Gauzak horrela, Merrick Garland AEBko fiskal nagusiak horren inguruko txostena egitea nahi du AEBko presidenteak, sei hilabeteko epean dokumentuak argitaratzeko helburuarekin, Etxe Zuriak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, Al-Qaidak burututako eraso horietatik 20 urte igaro baino egun batzuk lehenago iragarri du erabakia Etxe Zuriak. I-11ko atentatuetan 3.000 pertsona inguru hil ziren.
"Presidentetzarako hautagai izan nintzenean, 2001eko irailaren 11n AEBn izandako eraso terroristekin lotutako dokumentuen desklasifikazioarekin lotuta gardentasuna bermatzeko konpromisoa hartu nuen. Egun tragiko horren hogeigarren urteurrenera hurbiltzen ari garela, konpromiso hori betetzen ari naiz", esan du Bidenek ohar batean.
Abuztuan, bizirik atera ziren ehunka pertsonek eta biktimen senideek erasoak gogoratzeko ekitaldietara ez joateko eskatu zioten Bideni, AEBko Gobernuak gertatutakoaren inguruko artxibo berriak argitaratu ezean; bereziki Saudi Arabiak erasoetan zerikusirik izan ote zuen argitu dezaketenak.
Eraso horiek ikertu zituen AEBko Kongresuko batzordeak ondorioztatu zuen ez zegoela frogarik esateko Saudi Arabiako Gobernuak edo herrialde horretako goi funtzionarioek dirua eman zietela erasoetan parte hartu zuten terroristei (15 erasotzaile Saudi Arabiakoak ziren arren).
Dena dela, hainbat biltzarkidek eta biktimen elkartek urteak daramatzate jada AEBko agiriei gardentasun handiagoa eskatzen, baina orain arteko presidente guztiek dokumentuak desklasifikatzeari uko egin diote.
Etxe Zuriak ez du zehaztu zein izango den Bidenek sinatutako agindu exekutiboaren eragina eta, beraz, ez dago argi erabaki horrek bizirik atera direnen eta biktimen senideen eskaerak asetzea lortuko duen. Era berean, oraindik ez dute iragarri zein ekitalditara joango den agintaria, irailaren 11ko atentatuetan hildako pertsonak gogoratzeko.