Mundua -
Hondamendi naturala
Haitin 724 pertsona hil eta 2.800 baino gehiago zauritu dira jada lurrikararen ondorioz
Nazioarteko komunitateak laguntza eskaini dio herrialdeari giza hondamendi berri baten beldur delako.
Agentziak | EITB MEDIA
Dagoeneko 724 pertsona hil eta 2.800 zauritu dira Haitin Karibeko herrialdea astindu duen lurrikararen ondorioz, Babes Zibilak emandako azken balantzearen arabera.
Hegoaldeko departamendua izan da kaltetuena, eta dagoeneko 600 pertsona hil direla baieztatu du Jerry Chandler Babes Zibileko zuzendariak.
Hegoaldekoaz aparte, Richter eskalan 7,2 graduko lurrikarak Grand'Anse eta Nippes departamenduak astindu ditu.
Ezbeharrak ia 3.000 etxe suntsitu ditu eta 5.000 kaltetu dira. Era berean, beste eraikin batzuk ere kaltetu dira; eliza, ikastetxe, polizia-etxe, hotel eta ospitaleak, besteak beste. 24 ordu igaro ostean, Jeremie eta Les Cayes hiriek bakartuta jarraitzen dute, lurrikarak eragindako kalteen ondorioz.
Lurrikara 08:29an (14:29an, Espainiako penintsulan) gertatu da, Saint-Louis du Sud herritik 12 kilometrora, eta hipozentroa 10 kilometroko sakoneran izan du, AEBko Geologia Institutuak (USGS) egindako txostenaren arabera.
Les Cayes inguruan, Le Manguier eta Petit pas hotelak erori dira, Le Nouvelliste egunkariaren arabera. Tokiko hedabideek zabaldu dutenez, osasun-zentroak kolapsatu egin dira zenbait tokitan.
Halaber, UNICEFen esanetan, Les Cayesen dagoen Concepcion Ospitalea "gainezka" dago.
Lurrikararen ondorioak ikusita, Ariel Henryk (Jovenel Moise herrialdeko presidentea hil eta 13 egunera hartu zuen Haitiko lehen ministro kargua) larrialdi egoera ezarri du herrialdean, eta egoera "dramatikoa" dela esan du.
Bestalde, Babes Zibilak ohartarazi du datozen bi egunetan Grace ekaitz tropikala iritsiko dela, eta, horri aurre egiteko prestatzeko eskatu die herritarrei.
Nazioarteko elkartasuna
Hainbat herrialdek elkartasuna adierazi diote Haitiri; izan ere, 2010ean herrialdean izandako lurrikarak 300.000 hildako, beste horrenbeste zauritu eta 1,5 milioi kaltetu eragin zituen.
Hondamendiaren aurrean, AEBko Gobernuak "berehalako erantzuna" emango duela esan du, Amerikako herrialde txiroenari laguntzeko, eta Venezuelak, Txilek eta Peruk laguntza logistikoa eskaini dute.
Luis Abinader Dominikar Errepublikako presidentea eskura dituzten baliabide guztiak eskaintzeko prest agertu da.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak "tragedia" deitoratu du, eta doluminak eman dizkie biktimen senideei eta ingurukoei. Nazio Batuen Erakundeak "erreskate eta laguntza lanak eskaintzeko bidean dago", gaineratu du.
Bruno Maes UNICEFen Haitiko ordezkaria "oso atsekabetuta" agertu da biktimen eta kalteen berri izan ondoren, eta UNICEF Gobernuarekin eta laguntzeko prest agertu diren guztiekin elkarlanean aritzeko prest dagoela iragarri du.
UNICEF herrialdearen hegoaldeko egoera ebaluatzen hasi da, aterpea, ur garbia eta arreta medikoa behar duten pertsonen kopurua zehazteko lehenbailehen. Lurrikara izan baino lehen, Haitiko haurrek 1,9 milioi euroko laguntza humanitarioa behar zuten.
Haiti mendebaldeko hemisferioko herrialderik pobreena da, eta Nazio Batuen Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OIM) emandako datuen arabera, 4,4 milioi herritarrek, biztanleriaren % 40k baino gehiagok, oinarrizko beharrak asetzeko laguntza behar dute.