Mundua -

Suteak

Greziak kiskaltzen jarraitzen du, muturreko bero-boladak herrialdea astintzen duen bitartean

Atenasko Behatokiaren arabera, azken egunotan 6.000 hektarea kiskali dira Grezian; 2020 osoan, berriz, 10.376 hektarea kiskali ziren.

Suhiltzaile bat Greziako suteetan. Argazkia: EFE.
Suhiltzaile bat Greziako suteetan.
Suhiltzaile bat Greziako suteetan. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astebetez azken berrogei urteetako bero-boladarik handiena jasan ondoren, Greziak suteen aurkako borrokan jarraitzen du herrialdeko hainbat puntutan. Dozenaka herri hustu behar izan dituzte, eta etxebizitzak galdu dituzten familien kopurua etengabe handitzen doa.

Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren hitzetan, "beste edozein herrialdek baino aireko baliabide gehiago izan arren, ezinezkoa da leku guztietan aldi berean eskuragarri izatea". Suaren aurkako borroka amaitzetik urrun dago, "bihar haize bolada indartsuagoak" izango baitira, horren iragarpenaren arabera.

Parnés mendiaren magalean piztutako sutea kontroletik kanpo dago berriro, gaur arratsaldean hiru foku berri sortu ostean, hiru kilometro baino gehiago dituen foku bat osatu baitute. Sugarrek Drosopiya, Kryoneri eta Tatoi hiriak inguratu dituzte.

Greziako Gobernuak kaltetuentzako laguntza ugari iragarri ditu gaur, besteak beste, erretako eremu natural guztiak basoberritzeko gune deklaratzea espekulazioa saihesteko, 600 euro berehala ordaintzea oinarrizko beharrei aurre egiteko eta 6.000 euroraino erretako objektu pertsonalak ordezkatzeko. Alokairurako laguntzak, berreraikitzeko interes baxuko kredituak eta enpresa eta partikularrentzako zerga-salbuespenak ere emango direla aurreratu du.

Era berean, Kostas Tsiaras Greziako Justizia ministroak aurreratu duenez, ingurumen krimenen aurrean zigorrak gogortzea proposatu du, delitu larritzat jo eta espetxe zigorrak ezartzeko; izan ere, sute gehienak nahita eragindakoak dira.

Airearen kalitate txarra Grezia osoan

Suteek orain arte ez dute hildakorik utzi, baina horien ondorioz mikropartikula ugari askatu dira atmosferara, eta horrek Grezia osoko airearen kalitatea okertzea eragin du, eta kea Afrikako iparralderaino iritsi da. Atenasko Behatokiaren arabera, iaz urte osoan erre ziren hektarea guztien erdia baino gehiago erre dira azken lau egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Europa Suteak albisteak Greziako berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Suhiltzaileak azken ordukoa