Mundua -

Koronabirusa

Osasun-ziurtagiriaren erabilera onartu du Frantziak

Establezimendu publiko gehienetan sartzeko ziurtagiriaren erabilera arautzen du onetsitako lege-proiektuak. Era berean, osasun-langileak txertoa hartzera behartzen ditu. Neurri horiek azaroaren 15era arte egongo dira indarrean.

Bikote bat kaletik paseoan. Argazkia: EFE.
Bikote bat kaletik paseoan.
Bikote bat kaletik paseoan. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau egunetako eztabaiden ondoren, Frantziako Senatuak behin betiko onartu zuen atzo, igandean, establezimendu publiko gehienetara sartzeko osasun-ziurtagiriaren erabilera arautzen duen lege proiektua. Horrek, era berean, osasun-langileak txertoa hartzera behartzen ditu, besteak beste.

Testuaren aldeko lehen bozketa egin ondoren, diputatuz eta senatariz osatutako batzorde misto paritarioak akordioa lortu zuen, aldaketa txiki batzuekin. Hala, neurri horiek azaroaren 15era arte mugatzea adostu zuten, hau da, larrialdi egoera indarrean dagoen bitartean. Luzapen berri oro Batzar Nazionalak onartu beharko du.

Iragan asteazkenean ezarri zuten osasun-ziurtagiriaren erabilera, dekretu bidez. Kontuak horrela, ordutik, museo, zinema, antzoki eta kirol-aretoetara sartzeko, beharrezkoa da txertatuta egotea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna igaro izana edo aurreko 48 orduetan test negatiboa izatea. Orain, lege-proiektua onartuta, dokumentua abuztuan zabaltzea nahi du Gobernuak tabernetan, jatetxeetan, kafetegietan, merkataritza-guneetan eta ibilbide luzeko garraio publikoetan sartzeko.

Merkataritza-guneen kasuan, departamentu bakoitzeko gobernu-ordezkariari egokituko zaio gunera sartzeko modua ezartzea, baina ez da mugarik jarriko lehentasunezko ondasunak erosteko.

Taberna, jatetxe eta kafetegien kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiria horietan sartzeko, baita terrazetan egoteko ere. Hasiera batean, neurri hori baztertuta zegoen, baina onartu dute azkenean.

Nerabeen eta osasun-langileen txertaketa

12 eta 18 urte bitarteko adingabeek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko irailaren 30era arte, eta bi gurasoen baimenarekin hartu ahal izango dute txertoa; 16 eta 17 urte artekoek, berriz, gurasoen baimenik gabe egin ahal izango dute.

Azkenik, Gizarte Segurantzak kontrolatuko du kutsatutakoen derrigorrezko isolamendua, eta ez poliziek. Hala ere, indar horiek esku hartu ahal izango dute pertsona batek berrogeialdia errespetatzen ez duela uste badute.

Zigorrei dagokienez, gradualak izango dira ziurtagiria kontrolatu behar duten establezimenduentzat: lehenengo, isunak egongo dira; gero, bi asteko itxiera administratiboak; eta, hirugarren aldiz berreroriz gero, kartzela-zigorra.

Osasun-langileek txertoa jartzeko betebeharraren kasuan, zigorra ez da izango kaleratzea, hasierako testuan aurreikusi bezala, baina bai soldata eta enplegua etetea; ziurtagiri bat aurkeztu behar den establezimenduetako langileei ere aplikatuko zaie hori.

Irailaren 15erako dosi bat izan beharko dute gutxienez, eta urriaren 15erako, biak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Erizaintza Txertoak Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022 Covid pasaportea Euskadin