Mundua -

Uholdeak

100 pertsonatik gora hil dira eta 1.300 desagertuta daude Alemaniako uholdeetan

Agintariak beldur dira hildakoen kopuruak gora egingo ote duen; izan ere, sakelako telefonoen zerbitzuak kolapsatu egin dira eta ezinezkoa da hainbat pertsonarekin harremanetan jartzea.

Alemaniako uholdeak. Argazkia: EFE.
Alemaniako uholdeak. Argazkia: EFE.
Euriteek hondamendia eragin dute Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan

1:25

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekaitz bortitzek eragindako uholdeek gutxienez 103 hildako eta 1300 desagertu utzi dituzte Alemanian, agintarien azken balantzearen arabera. Euriteak arindu egin dira oraingoz, baina kaltetutako eskualdeetan egoera kritikoa da oraindik. Gainera, 114.000 pertsona argindarrik gabe daude oraindik. Nolanahi ere, ekaitzek Alemaniaz gain, gogor eraso ditu beste herrialde batzuk ere, hala nola Belgika edota Herbeheereak.

Ahweiler barrutiko bozeramaile baten arabera, telefonia mugikorreko lineak kolapsatu egin dira, hainbat pertsonekin harremanetan jartzea galaraziz. Horrenbestez, zaila da oraindik desagertuta dauden pertsonen kopurua zehaztea. Guztira, 15.000 pertsona inguru dabiltza erreskate lanetan, Barne Ministerioaren arabera.

Oraindik ez dakite denboraleak eragindako kalte ekonomikoak handiak izango direla espero da. Izan ere ekaitzek errepideetan, trenbideetan, zubietan eta etxe eta enpresa pribatuetan kalte larriak eragin dituzte. Egoera horren aurrean, Renania-Palatinatuko estatu federatuak dagoeneko larrialdiko 50 milioi euroko lehen partida bideratu du kalteak arintzeko.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak doluminak eman dizkie biktimen senideei, eta "ur azpian dauden lekuei buruzko txostenekin hunkituta" dagoela adierazi du.

Bestalde, Host Seehofer Barne ministroaren arabera, herrialdearen mendebaldean izandako uholdeak krisi klimatikoaren "ondorio garbia dira", eta horri aurre egiteko neurriak ahalik eta azkarren hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Zentzu horretan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak ere uholdeak aldaketa klimatikoaren ondorio direla, eta egoera horren aurrean neurriak hartu beharra aldarrikatu du.

Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak "batasun nazionala" eta uholdeek kaltetutakoei elkartasuna adierazi nahi izan die. "Uraren maila jaitsi egingo da eta horrek tragediaren benetako dimentsioa agerian utziko du", adierazi du Steinmeierrek.

Egoera kritikoa

Ostiral honetan hainbat etxe behera etorri dira Erftstadt-Blessem herrian, Koloniatik gertu. Barrutiko agintariek aurreratu dute "hildakoak daudela", baina oraindik ez dute zehaztu zenbat izan diren.

Hori guztiaz gain, holdeek errepideak, trenbideak eta, herrialdearen zenbait puntutan, zerbitzu elektrikoa moztea eragin dute, baita telefonia mugikorreko sareak kolapsatzea ere.

Ur edangarriaren hornidura eten egin da ipar-mendebaldeko zenbait tokitan, eta agintariek ur hori kontsumitu aurretik irakitea gomendatu diete herritarrei.

Ipar Renania-Westfalia eta Renania Palatinatua estatu federatuetako tren-zirkulazioari ere gogor eragin die uholdeek. Ibilbide asko erabat edo partzialki etenda daude.

Gainera, autobide eta errepideetan mozketak izan dira. Etenaldi horiek nazioarteko zirkulazioan ere izan dute eragina, Bruselarako ibilbideak etenda baitaude.

"Hurbiltasuna eta atsekabea" erakutsi ditu Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak doluminak eman dizkio Wolfgang Dold Alemaniak Espainian duen enbaxadoreari, herrialdearen mendebaldean izandako uholdeek eragin dituzten heriotzengatik.

Sare sozialen bidez, Urkulluk "maitasuna eta elkartasuna" erakutsi dio Alemaniari, "atsekabe- eta min-une hauetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Alemania bideoak Angela Merkel argazkiak Gaurko titularrak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Uholdeak Hondamendi naturalek kaltetutakoak