Mundua -
AEB
Bidenek Siria bonbardatu eta Iranen aldeko 22 ustezko miliziano hil ditu
AEBko Administrazio berriak agindutako lehenengo erasoa izan baino ordu batzuk lehenago, Bidenek Iranekin akordio nuklearra berreskuratzeko negoziazio mahaia berrabiaraztea eskaini zuen.
agentziak | eitb media
Joe Biden AEBko presidenteak Siria bonbardatu zuen ostegun gauean Iranek babestutako milizia batzuen aurka, Teherani eta horren aliatuei langile estatubatuarren aurkako erasorik ez duela onartuko ohartarazteko.
Iranen aldeko ustezko miliziek erabiltzen zituzten eraikinen aurkako bonbardaketak, Pentagonoaren arabera, "proportzionatuak" izan ziren eta "defentsa" izaera zuten, AEBk Iraken dituen baseek azkenaldian jaso dituzten kohete jaurtiketen harira.
Siria ekialdeko Deiar al Zur probintzian egindako erasoan Iranen aldeko 22 ustezko miliziano hil ziren gutxienez, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera.
"AEBk eta koalizioak Iraken dituzten langileek azkenaldian jaso dituzten eraso eta mehatxuei erantzuteko baimendu ditu bonbardaketa hauek", adierazi die kazetariei John Kirby Pentagonoaren bozeramaileak.
Bonbardaketetan bederatzi instalazio "erabat suntsitu" zituzten, baina Siriako iturri militarretatik diote eremu huts batean erori zirela koheteak eta Siriako Armadako soldadu bat hil zutela.
AEBko Administrazio berriak agindutako lehenengo erasoa izan baino ordu batzuk lehenago, Bidenek Iranekin akordio nuklearra berreskuratzeko negoziazio mahaia berrabiaraztea eskaini zuen. Izan ere, duela hiru urte Donald Trumpek akordiotik ateratzea erabaki zuen.
Hala ere, elkarrizketarako deiarekin batera Irani gaur egun dituen isunak ez zizkiola kenduko berretsi zuen.