Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Trumpen agintaldiko unerik nabarmenenak

Donald Trumpek hamaika erabaki polemiko hartu ditu Etxe Zurian izan den lau urteetan. Herrialdea zatituta utzi du, eta indarkeriak gora egin du.  

Donald Trump hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump hauteskunde ekitaldi batean.
Donald Trump hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

EFE | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agintaldi bakarra egin du Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuan, baina lau urte nahasi izan dira: herrialdea zatituta utzi du, indarkeria arrazistak gora egitea eragin du, koronabirusaren pandemia ukatu du eta hauteskundeetan iruzurra izan zela zabaldu du, besteak beste.

Politikagintzan inolako esperientziarik izan gabe eta bere adierazpen polemikoei esker iritsi zen errepublikano aberatsa AEBko 45. presidentea izatera. Hurrengo lerroetan bere agintaldiko unerik garrantzitsuenak laburtu ditugu:

2017

- Urtarrilaren 20a: 2016ko azaroan hauteskundeak irabazi ondoren, Hillary Clintonek baino ia 3 milioi boto gutxiagorekin, Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuen. Egun horretan eta inbestidura aurreko egunetan protesta jendetsuak izan ziren kalean, Washingtongo Emakumeen Martxa barne, eta ehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.

- Urtarrilaren 25a: Trumpek Mexikoko mugan harresi bat eraikitzeko proiektua abiatu zuen. Hauteskunde kanpainan egin zuen promesarik handienetako bat izan zen. Eta ondoren etorriko ziren bere migrazio politikaren erabaki polemiko gehiago: atxilotze zentroetan kaiolatutako haurrak, hainbat herrialdetako migratzaileentzako aldi baterako babes programaren amaiera eta asilo eskatzaileak har zitzaten beste herrialde batzuen kontrako presioa areagotzea.

- Ekainaren 1a: aldaketa klimatikoaren kontzeptuaren etsai, AEBak klimari buruzko Parisko Akordiotik aterako zirela iragarri zuen Trumpek. Argudioa: itun horrek AEBko ekonomia "desabantailan" jartzen zuela.

- Abuztuaren 12a: Charlottesvillen (Virginia), neonazi batek arrazismoaren aurkako manifestazio batean parte hartzen ari ziren pertsona bat hil eta beste hogei bat zauritu zituen, bere ibilgailuarekin harrapatuta. Eraso arrazista horren ondotik, Trumpek gertakari horren errua "alde askorena" dela esan zuen.

- Abenduaren 6a: Munduko buruzagiek Israel eta Palestinaren arteko gatazkan irtenbide negoziatua aldarrikatzen zutenean eta konponbidea bi Estatu sortzea izan zitekeela babesten zutenean, Trumpek Jerusalem Israelgo hiriburu gisa onartu zuen, Ekialde Hurbilean tentsioa areagotuz.

2018

- Maiatzaren 8a: "Akordio hau izugarria zen, alde bati bakarrik mesede egiten ziona eta inoiz sinatu behar ez zena". AEBk Iranekin, Errusiarekin, Txinarekin, Frantziarekin, Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin sinatutako akordio nuklearra bertan behera utziko zuela eta Iranen aurka zigorrak ezarriko zituela iragarri zuen Trumpek. “Akordio horrek alde bati bakarrik egiten dio mesede eta ez zen inoiz sinatu behar izan”, adierazi zuen.

- Ekainaren 12a: Kim Jon Un Ipar Koreako buruzagiarekin bildu zen Trump Singapurren. Keinuz betetako goi-bilera historikoa izan zen. Urtebete geroago, Ipar eta Hego Korea arteko muga militarizatuan, bi agintariek desnuklearizazioaren inguruko elkarrizketa abiatu zuten.

- Uztailaren 6a: AEBek 34.000 milioi dolarreko muga-zerga ezarri zien produktu txinatarrei "merkataritza praktika desleialengatik". Txinak antzeko neurri batekin erantzun zuen, gerra komertzialari hasiera emanez.

- Uztailaren 16a: Trump Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen Helsinkin. 2016ko hauteskundeetan Errusiak esku hartu zuela zabalduz argitaratu ziren albisteak publikoki gezurtatzeko antolatu zuten ekitaldia.

2019

- Urtarrilaren 23a: Juan Guaido Venezuelako Parlamentuko presidenteak bere burua presidente legitimotzat izendatu eta gutxira, Trumpek oposizioko burua aintzat hartzen zuela eta Venezuela "aukera guztiak mahai gainean" zeudela adierazi zuen.

- Urtarrilaren 25a: Trumpek Gobernua 35 egunez itxi zuen. AEBetako historiako itxialdirik luzeena izan zen. Neurri horrek 2,1 milioi langile federaletatik 800.000 langilerengan izan zuen eragina. 35 egun horien ondotik Administrazioa berriro irekitzea onartu zuen, Mexikoko mugan harresia eraikitzeko dirurik aurreikusten ez zuen dekretua sinatuta.

- Otsailaren 1a: Trumpek bertan behera utzi zuen Indar Nuklearren arteko Ituna, Errusiak etengabe urratu zuela argudiatuz. Biharamunean, Errusiak erabaki bera hartu zuen. Bi herrialdeetako misil nuklearrak eta konbentzionalak desagerrarazteko akordioa zen.

- Apirilaren 18a: Errusiak 2016ko hauteskundeetan izan zuen balizko eraginaren harira, Robert Mueller fiskal bereziak egindako ikerketaren txosten zentsuratu bat argitaratu zen. Dokumentu horren arabera, ez dago frogarik Trump eta Kremlina lotzeko. Justizia Departamentuak auzia itxi zuen Trumpen aurka kargurik aurkeztu gabe.  

- Uztailaren 14a: Trumpek beste mezu arrazista bat idatzi zuen Twitterren, "brigada" bezala ezagutzen diren lau kongresista demokratak, latinoamerikarrak, musulmanak edo beltzak "herrialdetik alde egin" beharko luketela esanez.

2020

- Otsailaren 5a: Boterea bere mesedetan erabiltzeagatik eta Joe Biden presidentegaiari kalte egiteko Ukrainari presio egitegatik epaiketa politikoa egin zioten Trumpi. Alabaina, Senatuak -errepublikanoek zuten gehiengoa- absoluzioaren alde bozkatu zuen. "Gezurtiak eta polizia ustelak nire kontra joan dira; hau ezin zaio presidente bati inoiz gertatu", adierazi zuen biharamunean mendeku kutsuarekin.

- Maiatzaren 25a: George Floyd afroamerikarra hil zuen polizia batek Minneapolisen (Minesota), eta, ondorioz, protesta eta istilu ugari izan ziren arrazakeria eta poliziaren indarkeria salatzeko. Trumpek protesta horien atzean "ezker erradikala" zegoela esan zuen, indarrez erantzuteko deia egin zuen eta manifestariei aurre egiteko Armada bidaltzea proposatu zuen.

- Urriaren 2a: Koronabirusaren pandemiaren aurrean hasieratik eszeptiko agertu ostean eta hilabeteetan ekitaldi publikoetan maskara erabiltzeari eta gutxieneko prebentzio neurriak betetzeari uko egin ondoren, Trumpek positibo eman zuen covid-19aren proban. Zortzi egunez artatu zuten ospitale militar batean.

- Azaroaren 7a: Hauteskundeak egin eta lau egunera, Joe Biden aldarrikatu zuten garaile, behin-behineko emaitzak aintzat hartuta. Trumpek iruzurra izan zela salatu zuen eta bere abokatuek hainbat estatutan demandak aurkeztu zituzten boto-zenbaketan irregulartasunak izan zirelakoan.  

2021

- Urtarrilaren 6a: Kongresuak Biden presidente hautetsi gisa berretsi behar zuen egunean, Trumpek porrota "inoiz" ez zuela onartuko esan eta bere jarraitzaileei Kapitoliora joateko dei egin zien. Ehunka manifestari indarrez sartu ziren Kapitolioan eta gutxienez 5 hildako izan ziren.

- Urtarrilaren 13a: Agintaldia amaitzeko zazpi egun falta zirenean, Ordezkarien Ganberak (gehiengo demokrata du) Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoari hasiera ematea onartu zuen, Kapitolioaren aurkako erasoa bultzatu zuela egotzita. Prozesu hori Senatura pasatuko da orain, baina erabaki bat hartzen dutenerako Trumpek presidente kargua utzita izango du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump