Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Trumpek bere hauteskunde porrota onartu du eta Kapitolioko erasoa gaitzetsi du

Urtarrilaren 20ra bitartean AEBko presidente denak ziurtatu duenez, legea urratu zutenek egindakoagatik "ordaindu" egingo dute.

Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea
Hauteskundeen emaitzak onartu ditu lehenengoz Donald Trumpek

1:11

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kapitolioaren aurkako erasoaren biharamunean, hilaren 20ra arte AEBko presidente den Donald Trumpek gertaturikoa gaitzetsi du eta legea urratu zutenek egindakoagatik "ordaindu" egingo dutela ziurtatu du. Gainera, azaroan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin zirenetik lehen aldiz, bere porrota onartu du eta trantsizio ordenatua agindu du.

24 orduan erabat aldatu ditu jarrera eta tonua. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean azpimarratu duenez, "indarkeria eta suntsiketa ekintzetan parte hartu zutenek ez dute gure herrialdea ordezkatzen. Eta legea urratu zutenek ordaindu egingo dute". Hitzaldiaren hasieran, gainera, "indarkeriagatik, anarkiagatik eta kaosagatik" suminduta dagoela adierazi du.

"Orain Kongresuak emaitzak ziurtatu ditu eta Administrazio berria urtarrilaren 20an sartuko da", azaldu du. Trantsizioa arazorik gabea eta ordenatua izango dela agindu du eta berradiskidetze garaia dela azpimarratu du. 

Trumpek lehen aldiz onartu du azaroaren 3ko hauteskundeak galdu zituela. Dena dela, hauteskunde emaitzak inpugnatzeko kanpaina defendatu du "AEBko demokraziaren alde borrokatzen" ari zela argudiatuta.

"Gure hauteskunde legeak eraberritu behar ditugula uste dut, boto-emaile guztien nortasuna eta hautagarritasuna egiaztatzeko eta etorkizuneko hauteskundeekiko fedea eta konfiantza bermatzeko", esan du.

Bestalde, Trumpek lasaitasunerako deia egin du eta "adiskidetzeko eta zauriak sendatzeko unea" dela nabarmendu du. Horrez gain, batasuna aldarrikatu du koronabirusaren krisiari aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Trump gaur Hauteskundeak gaur Eskuin muturreko mugimenduak