Mundua -

BOTERE ALDAKETA

AEBko Hauteskunde Batzordeak Joe Biden demokrataren garaipena berretsi du

AEBko 46. presidentea izango da. Hauteskunde Batzordearen tramitea igarota, Kongresuak emaitzak berretsiko ditu urtarrilaren 6an eta 20an presidente kargua hartuko du Bidenek.

Kamala Harris eta Joe Biden. Artxiboko argazkia: EFE
Kamala Harris eta Joe Biden
Kamala Harris eta Joe Biden. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 3ko hauteskundeen ondotik, AEBko Hauteskunde Batzordeak Joe Biden demokrataren garaipena berretsi du. Kongresuak emaitzak berretsiko ditu urtarrilaren 6an eta 20an presidente kargua hartuko du Bidenek. Joe Biden AEBko 46. presidentea izango da.

Hauteskunde Batzordea osatzen duten 538 kideak astelehen honetan elkartu dira, formalki hautagai demokrata AEBko presidente izendatzeko. Bidenek 538 ordezkarietatik 306 eskuratu ditu eta Trumpek, ostera, 232 (hauteskundeetan izandako emaitza bera).

Gaurko bozketaren emaitza Senatuko presidenteari (AEBko presidenteordea ere badena) igorriko diete, eta urtarrilaren 6an baieztatuko du hauteskunde emaitza.

Ondoren, urtarrilaren 20an egingo dute kargu hartze ekitaldia. Joe Biden AEBko 46. presidentea izango da.

Donald Trumpen aliatuek dagoeneko iragarri dute botereari eusteko borrokan jarraituko dutela azkenera arte.

Bere porrota onartzeko eskatu dio Bidenek Trumpi

AEBko presidente hautatuak azaroko hauteskundeetako emaitza onartzeko eskatu dio Donald Trump egungo presidenteari, Hauteskunde Batzordeak emaitzak berretsi eta berehala.

Joe Biden AEBko presidente hautatuak orain arteko hitzaldirik gogorrena eman du. "306 boto Donald Trumpek eta Mike Pence presidenteordeak 2016an irabazi zutenean jaso zituzten berberak dira. Orduan, Trumpek garaipen erabakigarritzat jo zuen bere abantaila", adierazi du Bidenek.

"Bere estandarren arabera, zenbaki horiek (306 versus 232) garaipen argia erakutsi zuten orduan, eta nik begirunez iradokitzen diot orain ere hala egin dezala".

Bien bitartean, Joe Biden bere gobernuari itxura ematen hasi da. Janet Yellen izango da Altxorreko idazkari, Anthony Blinken Estatu idazkari eta Lloyd Austin jeneral ohia, ostera, Defentsa idazkaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Hauteskundeak AEB 2024 Albisteak Gaur Eguneko albisteak Trump gaur Hauteskundeak Amaia Uribe Joe Biden azken albisteak