Mundua -

GERRA

Karabakh Garaiko gerrari amaiera ematea adostu dute Armeniak eta Azerbaijanek

Ehunka zibilen eta militarren heriotza eragin duen 40 eguneko borroken ostean, alde guztiek akordio bat sinatu dute Errusiaren eta Turkiaren bitartekaritzari esker.

Akordioaren aurka protesta egiteko kalera atera dira Armeniako hiriburuan. Argazkia: EFE
Akordioaren aurka protesta egiteko kalera atera dira Armeniako hiriburuan
Akordioaren aurka protesta egiteko kalera atera dira Armeniako hiriburuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azerbaijanek eta Armeniak Karabakh Garaiko gerrari amaiera ematea adostu dute goizaldean, ehunka zibilen eta militarren heriotza eragin duen 40 eguneko borroken ostean. Erabakia Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroaren "traizio" gisa hartu dute eta herritar andana kalera atera da Erevan hiriburuan. Errusiak, ostera, ia bi mila soldadu bidaliko ditu, bake prozesua gauzatzen dela ziurtatzeko.

Ilham Aliev Azerbaijango presidenteak eta Armeniako gobernuburuak, Vladimir Putin Errusiako buruzagiarekin batera, adierazpen bat sinatu dute. Su-etena Euskal Herrian 22:00ak zirenean sartu da indarrean.

Azken orduetan, Azerbaijango armadak Shushi eskualdea bere gain hartu du, lurraldeko bigarren hiririk garrantzitsuena, nazioartean Azerbaijan bezala ezagutzen dena, baina armeniarrek kontrolatzen dutena.

Akordio mingarria Armeniarentzat

"Adierazpenaren testua oso mingarria da, pertsonalki niretzat eta baita gure herriarentzat ere. Egoera militarraren azterketa sakona egin eta egoera hobeto ezagutzen duten pertsonek balorazioa egin ondoren hartu dut erabakia", esan du Pashinianek. Pashinianen arabera, "irtenbiderik onena" delako sinatu du adierazpena.

"Fase militarra amaitu da, eta konponbide politikoaren fasera igaroko gara", adierazi du Ilham Alievek. "Guretzat aukerarik onuragarriena da. Izan ere, Armeniako kapitulazio militar bat da ", esan du Azerbaijako presidenteak nazioaren aurrean egindako hitzaldian.

Moskutik Errusiako presidenteak zehaztu duenez, akordioaren arabera, bi aldeek une honetan okupatutako posizioetan jarraituko dute. Errusiak militarrak bidaliko ditu Karabakh Garaira eta baita lurraldea Armeniarekin lotzen duen korridorera ere.

Egutegia

Era berean, gatazkan Bakuren alde egin duen Turkiak ere bakea egonkortzeko lanetan parte hartuko du, Errusiarekin batera.

Armeniako Armada hiru eskualdetatik erretiratzea aurreikusten du akordioak: Agdam barrutia, azaroaren 20a baino lehen; Kalbajar eskualdea, azaroaren 15a baino lehen; eta Lachin eskualdea, abenduaren 1a baino lehen.

Hori bai, hiru eskualde horietako azkenekoan, Erevanek bost kilometroko zabalerako korridore bat izango du, lurraldea Armeniarekin komunikatzeko. Shushi, Lachin eskualdean kokatua dagoena, ostera, Azerbaijanen kontrolpean geratuko da.

Alievek adierazi duenez, hurrengo hiru urteetan ibilbide berri bat eraikitzeko plana zehaztuko dute Armeniaren eta Stepanakerten arteko komunikazioa bermatzeko.

Errusiak, berriz, inguruko garraiobideak kontrolatuko ditu Mugako Guardiaren Zerbitzuaren laguntzarekin.

Protestak Armeniako hiriburuan

Ehunka armeniar gerturatu dira Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzara, Karabakh Garaia Azerbaijani ez ematea aldarrikatzeko. "Pashinian traidorea" edo "ez dugu Artsaj entregatuko" (Karabakh Garaiaren izen armeniarra) oihukatu dute Erevango Errepublika Plazan bildutakoek.

Gobernuaren egoitzan sartu eta kalteak eragin dituzte. Horrez gain, batzuek Pashinianen bulegoan eta Parlamentuan sartu dira, lehen ministroa beraiekin bildu dadila eskatzeko. Halaber, pertsona batzuk Pashinian eta bere familia bizi diren tokietara hurbildu dira eta Poliziarekin aurrez aurrekoak izan dituzte.

Asanbleako presidentea bere auto ofizialetik atera eta kolpatu egin dute, eta, ondorioz, ospitaleratu egin behar izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Zer ari da gertatzen Europan? Errusia bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Turkia berriak Asia albisteak