Mundua -

gatazka

Armeniak eta Azerbaijanek "su-eten humanitarioa" adostu dute Karabakh Garaian

Bi herrialdeetako Atzerri ministroek Washingtonen, asteburuan, egin dituzten negoziazioen emaitza da akordioa.

Boluntarioak Armenian. Argazkia: Efe
Boluntarioak Armenian. Argazkia: Efe
Boluntarioak Armenian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Armeniak eta Azerbaijanek iragarri dute "su-eten humanitarioa" adostu dutela Karabakh Garaian, eta asteleheneko 08:00etan (bertako ordua) jarriko dela indarrean. Gainera, datorren ostegunean gatazkari buruz negoziatzen jarraituko dute Ginebran.

Washingtonen asteburu osoan Zohrab Mnatsakanian eta Jeihun Bayramov Armeniako eta Azerbaijango Atzerri ministroek egindako negoziazioen ostean iritsi da iragarpena, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren bitartekaritzarekin.

"Su-eten humanitarioa 2020ko urriaren 26an sartuko da indarrean, 08:00etan", adierazi du AEBetako, Armeniako eta Azerbaijango gobernuek sinatutako agiriak.

Duela ia hilabete Karabakh Garaian gerra hasi zenetik, bi su-eten saiakera egon dira nazioarteko bitartekaritzarekin, baina ez da egun bat bera ere errespetatu.

Bi herrialdeetako Atzerri ministroek "urriaren 10ean Moskun adostu zuten su-etena ezartzeko eta betetzeko konpromisoa berretsi zuten". Errusiaren bitartekaritzarekin izan zen adostasun hura, eta Parisen berretsi zuten, hilaren 17an.

"AEBek negoziazioak erraztu zituzten Atzerri ministroen eta Minsk taldeko presidentekideen artean, Armenia eta Azerbaijan Karabakh Garaiko gatazkaren konponbide baketsu batera hurbiltzeko", azaldu dute oharrean.

Ohar horrek ez ditu su-etenaren nondik norakoak zehazten, eta soilik azaltzen du ostegun honetan, urriaren 29an, Genevan berriro biltzea adostu dutela, "Karabakh Garaian gatazkaren inguruko akordio baketsu bat lortzeko beharrezkoak diren urrats guztiak adosteko".

Irailaren 27an gatazka berriz hasi zenetik, gutxienez 37 zibil hil dituzte eta 118 zauritu, eta ia mila soldadu hil dira borroketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak