Mundua -
VENEZUELA
Leopoldo Lopezek Espainiak Carasaen duen enbaxada utzi du, ezustean eta ezkutuan
Kolonbiako muga igaro, eta Bogotan Espainiarako hegazkina hartu duela esan du haren aitak. Lilian emaztea eta seme-alabak Espainian bizi dira.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Leopoldo Lopez Venezuelako oposizioko Voluntad Popular alderdiko buruak Espainiak Caracasen duen enbaxadatik alde egin du, 2019ko apirilaren 30etik bizi zen tokitik. Etxeko atxiloketan zegoela, militar talde batek handik atera, eta Guaidorekin batera porrot egin zuen altxamendu militarrean parte hartu zuen. Apirilaren 30ean enbaxadan babes hartu zuen.
Ez da zabaldu Lopez non dagoen. Alabaina, haren aitak komunikabideei esan dienez, Kolonbiako muga igaro du, ezkutuan, eta Bogotan hegazkin bat hartu du Espainiara (bertan bizi dira emaztea eta seme-alabak).
Ofizialki ez da ezagutzen Lopez non dagoen, ez enbaxadatik nola irten zen, ez eta ihesean egiteko egin duen ibilbidea ere.
Alde egin eta ordu batzuetara, Espainiak Caracasen duen enbaxadako zaindari pribatu bat eta Lopezen langile bat atxilotu dituzte Sebineko funtzionarioek.
Lopez 2014an atxilotu zuen Venezuelako Poliziak, eta 14 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, urte horretan egin ziren Gobernuaren aurkako martxetako indarkeria-ekintzen buru izatea egotzita. Oposizioko kideak ia hiru urteko zigorra bete zuen kartzela militar batean, eta, ondoren, etxera eraman zuten, 2019ko apirilean askatu zuten arte.
Mezuak Twitterren
Lopezek txio hari bat argitaratu du Twitterren, joan egin dela iradokiz, baina ez du argitu nora egin duen ihes: "Venezuelako herritarrok, erabaki hau ez da erraza izan, baina ziur izan zerbitzari honek edozein tokitatik egingo duela borroka. Ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu, gau eta egun, merezi dugun askatasuna lortzeko".
"Guaidoren agintepean Venezuela libre eta demokratikoa" izango dela ere adierazi du, eta etorkizunari buruzko xehetasunak hurrengo egunetan emango dituela iragarri du.