Mundua -
Hauteskundeak AEBen
Trump eta Biden ez dira ados jarri, eta ez dute bigarren hauteskunde eztabaida egingo
Debate Presidentzialen Batzordeak esan duenez, ez da ekitaldia egingo ez direlako formatuan ados jarri. Presidenteak, COVID-19an positibo, bertsio birtual bat egitea baztertu zuen.
Agentzia | Erredakzioa
Eztabaidak antolatzeaz arduratzen den Debate Presidentzialen Batzordeak Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen eta Joe Biden hautagai demokrataren artekoa bertan behera utzi du, formatuaren gainean ez direlako ados jarri.
Adierazpen batean, Batzordeak gogorarazi du ostegunean Miamin (Florida) egin behar zen eztabaida modu birtualean egitea proposatu zuela, "guztion osasuna eta segurtasuna babesteko", baina presidenteak formatu horretan parte hartzea baztertu du.
Trumpek COVID-19an positibo eman eta bi astera egin behar zen eztabaida, baina bere eta Etxe Zurian eta bere inguruan baieztatutako positiboek kezka eragin dute debateen antolatzaileen eta Bidenen kanpainako kideen artean.
Trumpek aurrez aurreko birtual batean parte hartzeari ezetz esan ostean, Batzordeak "urriaren 22rako programatuta dagoen azken eztabaidan jarriko du arreta". Bi hautagaiek onartu dute hitzordu horretan parte hartzea.
Presidenteak Etxe Zurian konfinatuta igaro du astea. Gaur, larunbata, ekitaldi batean parte hartuko du etxean, ehunka pertsonaren aurrean, eta astelehenean Floridan mitin bat emateko asmoa dauka.