Mundua -

KORONABIRUSA

Trump ospitaletik irten da eta Etxe Zurian da berriro ere

Gaixotasunari "beldurrik ez" izateko eskatu du presidente estatubatuarrak, baina medikuek ohartarazi dute ospitaletik ateratzeak ez duela esan nahi "arriskutik kanpo" dagoenik.

Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea
Duela 20 urte baino ''gorputzaldi hobea'' duela esan du Trumpek

3:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak sendagiria jaso du eta, hiru egun ospitaleratuta egon ostean, Etxe Zurira itzuli da. Hala eta guztiz ere, haren medikuek ohartarazi dute ez dagoela "arriskutik kanpo". Trumpek, ostera, duela 20 urte baino gorputzaldi hobea duela esan du.

Ospitaletik irten aurretik bere Twitter kontuan zabaldutako mezuan, COVID-19aren beldur ez izateko adierazi du. "Ez izan COVIDaren beldur. Ez utzi zure bizitza menderatzen", gaineratu du buruzagi estatubatuarrak, herrialdean 200.000 pertsona baino gehiago hil dituen gaixotasunari erreferentzia eginez.

Bere irteera Twitteren iragarri ostean, AEBko presidenteak oinez alde egin du ospitale militarretik, maskara jantzita, eta kamerak agurtu ditu ukabila eta hatz lodia altxatuta. Marine One presidentearen helikopteroak Etxe Zurira eraman du bueltan, hamar minutuko hegaldi labur batean.

Behin Etxe Zurian, Trumpek egoitzako hegoaldeko atariko eskailerak igo ditu, maskara kendu du, argazkietarako paratu da eta Marine One helikopteroa agurtu du. Segundo batzuk geroago, maskararik gabe sartu da eraikinaren barrura.

Laster kanpaina egiten egongo dela ziurtatu badu ere, Sean Coley Trumpen mediku pertsonalak aitortu du agintaria ez dagoela "arriskutik kanpo", eta oraindik beste gaixo batzuek "ezagutzen ez den momentu batean" dagoela, jaso duen tratamendua dela eta.

Conleyk berretsi egin du ospitaletik ateratzeko neurria, ingresatuta hiru egun soilik egon bada ere, eta bi oxigeno beherakada izan dituen arren. "Ez dago oraindik arriskutik kanpo", eta hurrengo astelehenera arte itxaron beharko da ziur egoteko, adierazi du Conleyk kazetarien aurrean.

Bien bitartean, Etxe Zurian kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute. Kayleigh McEnany Donald Trumpen bozeramaileak eta Komunikazio bulegoko bi langilek ere positibo eman dute.

BIDEOA: Trump ospitaletik irten da, inguruan bildu diren jarraitzaileak agurtzeko 

Donald Trump ospitaletik irten da, inguruan bildu diren jarraitzaileak agurtzeko
Donald Trump ospitaletik irten da, inguruan bildu diren jarraitzaileak agurtzeko
Donald Trump ospitaletik irten da, inguruan bildu diren jarraitzaileak agurtzeko

0:55

Tratamenduaren xehetasunak

Medikuek azaldu dutenez, Remdesivir antibiralarekin jarraitzen dute eta gaur hirugarren dosia eman diote (bost egunekoa da plana).

Gainera, dexametasona kortikoesteroidea hartzen ere hasi da odolean oxigeno jaitsiera berririk gerta ez dakion.

Gogoan izan behar da ostiralean Regeneron farmazeutikaren antigorputz koktel bat ere eman ziotela.

Sean Dooley biriketan aditu den medikuak adierazi du Trumpen bihotz, gibel eta giltzurrun funtzioak zaintzen ari direla eta guztia "normal edo hobeto" dagoela.

Larunbatetik ez du arnasa hartzeko arazorik izan eta sukarrik ere ez, eta datu horiek ikusita, baikor daude medikuak.

Conleyk gaineratu duenez, Trumpi egin dizkioten biriketako eskanerretan "esperotakoa" bakarrik ikusi dute, eta "ez dago kezka kliniko handiagorik" horren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Koronabirusa