Mundua -
Grezia
Moriako errefuxiatuek hirugarren gaua igaro dute kale gorrian
Atzo arratsaldean beste sute bat izan zen, eta geratzen zen apurra erre zen. Errefuxiatuak ahal duten bezala ari dira bertan bizitzen, garretatik salbu geratu zenarekin.
agentziak | erredakzioa
Greziako Lesbos irlako Moria errefuxiatuen kanpalekuan zeuden 12.000 pertsonek kale gorrian igaro dute hirugarren gaua jarraian, manta edo kartoi gainean lo egiten, edota, kasu onenetan, sugarretatik salbu geratu ziren kanpin dendetan.
Atzo arratsaldean hirugarren sute bat piztu zen, eta kanpalekuan geratzen zen apurra erre zen. Olibadia, kanpalekua inguratzen zuena eta errefuxiatu gehienen bizileku zena (kanpalekuan 3.000 lagunentzako tokia besterik ez dago), suntsituta geratu zen.
Hori horrela, Greziako Gobernuaren arazoa ez da aterperik gabe geratu ziren 3.500 pertsonari ostatu ematea, baizik eta bertan dauden guztiei ematea irtenbidea, kontinentera eraman zituzten 400 adingabeak kenduta.
Gaua lasaia izan da, bertako hedabideen arabera, atzo egun osoan tentsioa handia izan bazen ere. Izan ere, bertako herritarrek barrikadak jarri zituzten behin behineko beste kanpaleku bat eraikitzeko makinei bidea mozteko.
Greziako Migrazio Ministerioko iturrietatik jakinarazi dutenez, erresistentzia hori ez dator bertako herritarren partetik soilik, tartean migratzaileak ere ba omen daude. Aipatu iturrien arabera, guztiek dute helburu bera: irlatik ateratzea ahal bezain laster.
Ostegunean elikagaiak eta ura eraman zizkieten berriro bertako migratzaileei, eta bi egunez ezer jan eta edan gabe egon ostean, ilara handiak egin ziren botila bat eta janari erretilu bat eskuratzeko.
Mobilizazioak
Grezian gertatzen ari dena eta Lesboseko suteen aurrean Europar Batasunak hartu dituen "politika su-eragileak" salatzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuakek eta Mugak Zabalduz Karabanak elkarretaratzeak deitu dituzte larunbat honetan, eguerdian, Bilbon (Arriaga), Donostian (Bulebarren), Gasteizen (Andre Mari Zuriaren Plazan), eta Iruñean (Gaztelu Plazan).
Alemaniak eta Frantziak hartuko dituzte Moriako 400 adingabeetako gehienak
Alemaniak eta Frantziak hartuko dituzte Moriako errefuxiatuen kanpalekuan izandako sutearen ondorioz aterperik gabe geratu diren eta bakarrik dauden 400 adingabeetako gehienak, Horst Seehofer Barne ministro alemaniarrak jakinarazi duenez.
"Europako beste kide batzuekin hitz egiten ari gara zenbakiak zehazteko, baina talde horren zati handiena guk hartuko dugula badakigu", adierazi du prentsaurreko batean, Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, birtualki, aldamenean zuela.
Alemaniak espero du 100-150 adingabe inguru jasoko dituela, eta "litekeena" dela Frantziak beste horrenbeste hartzea, "gehiago atzeratu ezin den irtenbide europarra" iritsi bitartean.