Mundua -

Sutea Morian

Greziak larrialdi egoera ezarri du Lesbosen Moriako sutearen ondoren

Errefuxiatu-eremuan bizi zirenei uhartetik ateratzea debekatu die, koronabirusa ez hedatzeko. Duela astebetetik koarentenan zegoen gunea, eta atzo 35 positibo atzeman zituzten.

Horrela geratu da errefuxiatu-eremua sutearen ondoren. Argazkia: EFE
Errefuxiatu-eremua kiskalita, sutearen ostean.
Sute batek kiskali egin du Moriako errefuxiatuen kanpalekua

0:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernuak iragarri du larrialdi egoera ezarriko duela Lesbos uhartean, goizaldean Moriako errefuxiatu-eremuan piztu den sutea dela eta. Garrek ia erabat kiskali dute gunea, eta bizilekurik gabe utzi ditu bertan bizi ziren 13.000 pertsonak.

Stelios Petsas Gobernuko eledunak azaldu du errefuxiatuei uhartetik ateratzeko debekua ezarri zaiela, koronabirusa heda ez dadin; izan ere, eremuak astebete zeraman koarentenan, eta atzo 35 positibo atzeman zituzten.

Petsasen esanetan, egoiliar guztientzat, batez ere egoera zaurgarrienean daudenentzat, "berehala arreta" egongo dela. Europako Batzordeak nabarmendu du eremuan bizi ziren bidaiderik gabeko 400 adingabeak beste leku batera eramateko prozesua finantzatuko duela.

ERT telebista publikoak zuzenean eskaini dituen irudietan ikusi ahal izan denez, errefuxiatu asko, umeak tartean, euren gauzen bila hasi dira, hainbat tokitan gar txikiak dauden eta kiskalitako objektuek tenperatura igoarazi duten arren.

Greziako zenbait ministro uhartera joan dira egoera bertatik bertara ikusteko, eta arratsalderako neurriak iragartzea espero da.

Sutea hasi eta gutxira, milaka pertsonak ihes egin dute errefuxiatu-eremutik, Mitilene hiriburua jomuga, baina Poliziak sarbidea itxi du. Goizean istiluen kontrako hiru polizia talde atera dira Atenasetik, segurtasuna bermatzeko.

"Saihestu zitekeen"

Hain justu, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak hiriburura ez joateko eskatu die Moriako bizilagunei.

Bien bitartean, hainbat erakunde humanitariok, tartean Oxfam Intermonek eta HumanRights Watchek, migrazioaren krisiaren aurrean Europak martxan jarritako politika "okerrei" egotzi diote gertatutakoa. "Sutea saihestu zitekeen", erantsi dute. Eva Cosse Grezian Human Rights erakundeak duen bozeramailearen esanetan, "ez da sorpresa bat izan 3.000 lagunentzako prestatuta zegoen lekuan 12.000 dituzunean, blokeo egoera hertsian gainera".

Duela astebete COVID-19aren lehen kasua atzeman zuten errefuxiatu-gunean, eta koarentena ezarri zuten agintariek. Atzo beste 35 pertsonari atzeman zieten gaitza, eta goizaldean horiek isolatzera joan direnean, liskarra sortu, eta sutea piztu da gerora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Suteak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak Koronabirusa