Mundua -
Alderdi Demokratiko Sozialista
Djukanovicek irabazi ditu Montenegroko hauteskundeak, baina boterea gal dezake
Oposizioak Montenegroko Parlamentuko 81 eserlekuetatik 42 kontrolatuko ditu. Oposizioko alderdi guztiek indarrak batzeko konpromisoa hartu dute, DPS boteretik ateratzeko.
Agentziak | Erredakioa
Milo Djukanovic Montenegroko presidentearen Alderdi Demokratiko Sozialista (DPS) gailendu da igande honetako hauteskunde legegileetan, baina baliteke boterea galtzea, zenbatutako botoen proiekzioen arabera.
Hain zuzen ere, PSD alderdiak % 34,2ko babesa lortu du, Montenegroren Etorkizunaren Aldeko koalizioa (% 33,7), Bakea da Gure Nazioa koalizioa (% 12,6) eta Beltza Zuriaren gainean (% 5) garaituta, Podgoricaren Jarraipen eta Ikerketarako Zentroaren proiekzioaren arabera.
Datu horien arabera, oposizioak Montenegroko Parlamentuko 81 eserlekuetatik 42 kontrolatuko ditu, baina zenbaketa amaitu arte ez da argi geratuko aritmetika parlamentarioa. Emaitzak baieztatuz gero, DPSk eta bere aliatuek 39 eserleku izango dituzte.
Oposizioa askotarikoa den arren (Errusiaren aldekoak dira batzuk eta europazaleak dira beste asko), indarrak batzeko konpromisoa hartu dute, DPS boteretik ateratzeko, ustelkeriari aurre egiteko eta batasuna sustatzeko.
"Erregimenak behera egin du", adierazi du Zdravko Krivokapic Montenegroren Etorkizunaren Alde alderdiko buruak.
Djukanovicen alderdiak garaipena aldarrikatu du, eta Nela Savkovic-Vukcevic diputatuak esan du botereari eutsi ahalko diotela, oposizioko alderdi txikiekin eta gutxiengoen alderdiekin koalizioa osatuz.
DPS Montenegroko Komunisten Liga alderdi komunistaren oinordekoa da. 1997ra arte, Slobodan Milosevic buruzagi serbiarraren aliatua izan zen, baina bira berri bat eman zuen eta mendebaldar bihurtu zen 2006an Montenegroko sezesioa bultzatzeko.