Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Steve Bannon atxilotu dute, Trumpen harresirako dohaintza-emaileei iruzur egiteagatik
Aske utzi dute fidantzapean, konspirazio karguetatik errugabe deklaratu ostean. Trumpen aholkularietako bat izan zen 2017ra arte, eta laguntza handia eman zion presidenteari Etxe Zurira iristeko.
Agentziak | Erredakzioa
Steve Bannon, Donald Trumpen aholkulari ohi polemikoa bera, ostegun honetan atxilotu dute, eta egotzi diote ehunka mila dolar iruzurtzea; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hitzemandako harresia (AEBren eta Mexikoren arteko mugako harresia, hain zuzen ere) eraikitzeko kanpaina baten testuinguruan, Bannonek iruzur egin die dohaintza-emaileei.
Bannonekin batera, beste hiru lagun atxilotu dituzte, "We Build the Wall" ("Geuk eraikiko dugu harresia", ingelesez) ekimenaren inguruan egindako iruzurragatik. Ekimen horrek 25 bat milioi dolar bildu zituen, agintarien esanetan.
Bannonek, Trumpek Etxe Zurira iristea lortu zuenean, garrantzi handia izan zuen, bere mezu populistari eta eskuin-muturrean bereganatutako babesei esker. 2017ko abuztuan utzi zuen Administraritza.
"Akusatuek dohaintza-emaileen ehunka mila dolar iruzurtu zituzten; emaileek muga-harresia finantzatzeko zuten interesa baliatu zuten akusatuek milioika dolar biltzeko; haien argudio faltsua zen diru guztia harresia eraikitzeko erabiliko zutela", adierazi du, ohar batean, Audrey Strauss New Yorkeko hego-barrutiko jarduneko fiskalak.
Fiskalaren hitzetan, kanpainak diru-kopuru handiak besteratu zizkion Brian Kolfageri, alegia, Irakeko gerrako veterano bati. Kolfagek sortu zuen kanpaina eta haren ikurra izan zen; dohaintza-emaileei, baina, ziurtatu zitzaien, behin eta berriz, berak ez zuela zentaborik jasoko.
Atxilotuek, agintarien esanetan, faktura eta kontu faltsuak sortu zituzten, "dohaintzak zuritzeko", eta "euren krimenak estaltzeko", "We Build the Wall" kanpainaren funtsak bideratzen. Funtsak bideratzeko, euren kontrolpean zegoen irabazi-asmorik gabeko elkarte bat baliatzen zuten.
"Auzi hau abisua da beste iruzurgileentzat: inor ez dago legearen gainean, gerra-beterano ezgaituak eta estratega politiko milioidunak ere ez", zehaztu du oharrean Philip R. Bartlettek, alegia, auziko arduraduna den inspektoreak.
Aske utzi dute fidantzapean, iruzur egiteko eta dirua zuritzeko konspirazio karguetatik errugabe deklaratu ostean.
Beste hiru lagun, atxilotuta
Bannonez gain, Kolfage bera ere atxilotu dute, baita Andrew Badolato eta Timothy Shea izeneko beste bi gizon ere, ustezko iruzurrean izandako zereginagatik.
Trumpen aholkulari ohia New Yorkeko auzitegi batean agertuko da, ostegunean; Kolfagek eta Badolatok Floridan egingo dute, eta Sheak Coloradon.
Akusazioaren arabera, lau gizon horiek ehunka mila dolar jaso zituzten, dohaintzen bidez, eta gastu pertsonaletarako eta kanpainan agindutakoarekin loturarik ez zuten asmoetarako baliatu zituzten diru-kopuru horiek.
Karguak, kasu guztietan, bi dira: iruzur elektronikoa egiteko konspirazioa, eta dirua zuritzeko konspirazioa. Gehienez, 20na urteko zigorrak ekar litzakete delitu horiek.