Mundua -
Koronabirusa
Amerikako Estatu Batuetan 3 milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira
Zenbaketa independente baten arabera, 3.009.611 dira kutsatutako biztanleak eta 131.594 pertsona hil dira dagoeneko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuak dira mundu mailan koronabirusaren pandemia gehien jasaten ari direnak. Horren erakusle da gaur bertan 3 milioi kutsatuen langa igaro dutela. Kutsatuen gorakada nabarmena eman da Kalifornian, Arizonan, Texasen eta Floridan.
Johns Hopkins Unibertsitatearen kontaketa independentearen arabera, AEBetako kutsatu kopurua 3.009.611 pertsonakoa da, eta dagoeneko 131.594 hil dira COVID-19ak jota.
New York da pandemiak gogorren jo duen estatua: 398.237 kasu konfirmatu dituzte eta 32.243 pertsona hil dira han. Brasil, Erresuma Batua eta Italia baino zifra bat beherago bakarrik.
Kutsatzeez ari garenean, Kalifornia da New Yorken atzetik kasu gehien konfirmatu dituena: 284.139. Hirugarrena Texas da 216.026 kutsaturekin eta laugarrena Florida, 213.794 kutsaturekin.
Behin behineko hildakoen balantzeak (131.594) Etxe Zuritik hasieran egindako lehen estimazio baxuenak gainditu ditu. Kasu onenean 100.000 eta 240.000 hildakoren arteko kalkulua egin zuten.
Donald Trump presidenteak estimazio horiek jaitsi eta azken zifra 50.000 eta 60.000 hildakoen artean egongo zela esan zuen, nahiz eta bere azken kalkuluetan, zifrak 110.000 hildakora altxa zituen.
Washingtongo Unibertsitateko Osasun Metrika eta Ebaluazioen Institutuak (IHME), bestalde, pandemiaren aurrerapausoen estimazioetan (Etxe Zuriak askotan jartzen du begirada kalkulu horietan) aurreikusi dute AEB urrirako 175.000 hildakoetara iritsiko dela.