Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Colin Powellek Bidenen alde bozkatuko du, Trump Konstituziotik aldendu dela iritzita
Bestalde, Donald Trumpek Powellen aurka egin du, eta Irakeko gerra justifikatu nahian herrialde horretan suntsipen handiko armak zituztela esan zuela gogora ekarri du.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko presidente George W. Bush izan zenean Estatu idazkari izan zen Colin Powellek Konstituziotik "aldentzea" leporatu dio Donald Trumpi, maiatzaren 25ean Minneapolisen George Floyden heriotzagatik izandako protesten aurrean izandako "jarrera borrokalaria" dela eta.
Donald Trump eta Alderdi Errepublikanoko kide kontserbadoreen arteko aldea nabarmen handitu da azken egunetan, eta baliteke azaroko hauteskundeetan George W. Bushek Joe Biden hautagai demokrataren alde bozkatzea, tokiko hedabideen arabera. Izan ere, Colin Powellek CNN telebistan egindako elkarrizketa batean, berak Bidenen alde bozkatuko duela jakinarazi du.
"Ezin dut Trump presidentea inolaz ere babestu", esan du Powellek, Bushen agintaldian Estatu idazkari izan zenak, eta duela lau urte ere ez zuela Trumpen alde bozkatu gogorarazi du, orduan Hillary Clinton Trumpen aurkari demokrataren alde bozkatu baitzuen. Hala, "gizarte gaietan eta politikan" Joe Bidenekiko "oso gertu" agertu da.
Horri erantzunez, Trumpek Powellen aurka egin du, eta neurri batean AEB Ekialde Hurbileko "gerra lazgarrietan sartzearen erantzuleetako bat" izan zela esan du. "Ez al zuen Powellek esan Irakek suntsipen handiko armak zituela? Ez zituzten, baina gerrara eraman gintuzten", adierazi du Trumpek Twitterren.
Horrez gain, Bidenek hauteskundeak irabaziz gero, Poliziari eta armadari finantzaketa kenduko diela ohartarazi du AEBko presidenteak, "ez dudalako beste aukerarik". "Demokratak ezker erradikalen kontrolpean daude!", ziurtatu du.
Testuinguru horretan, Trumpek "ezker muturra", "anarkistak" eta "antifaxistak" kritikatu ditu, Floyden heriotza salatzeko deitutako mobilizazio baketsuengatik. Gainera, protestak geldiarazteko asmoz kalera 10.000 militar ateratzea proposatu zuen joan den astean.