Mundua -
Protestak
Trumpek iragarri du terrorista izendatuko duela faxismoaren aurkako mugimendua
George Floyden heriotzagatik izaten ari diren protestetako istiluak eragitea leporatzen dio AEBko presidenteak.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak iragarri du Antifa (faxismoaren aurkako mugimendua) talde terrorista gisa izendatuko duela, herrialde osoan arrazismoaren aurka egiten ari diren protestetan izaten ari diren istiluen erantzule delakoan.
"AEBk Antifa erakunde terrorista izendatuko du", txiokatu du Trumpek, herrialdeko hainbat hiritan milaka pertsona Poliziak George Floyd gizonezko beltza hil izanaren aurka protesta egitera kalera ateratzear zeudenean.
Trumpen iragarpenarekin batera, William Barr fiskal nagusiak adierazi du Justizia Departamentuak agindu bat emango diola FBIri "agenda propioa bultzatzeko" aukera aprobetxatzen ari diren "talde erradikalak eta kanpoko agitatzaileak" identifika ditzan.
"Antifak eta antzeko beste talde batzuk istiluetan sustatzen ari diren indarkeria etxeko terrorismoa da, eta horrela hartuko da", ohartarazi du Barrek.
AEBko faxismoaren aurkako mugimendua, Antifa deritzona, indartu egin da Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, eta gero eta aktiboagoak dira supremazista zurien aurkako manifestazioetan.
Alexandria Ocasio Cortez ordezkari demokratak, Trumpekin oso kritikoa denak, beste txio batean galdetu du ea FBIk zergatik ez dituen etxeko terrorista gisa tratatzen supremazista zuriak ere.
AEBko Gobernuak terroristatzat jotzen dituen nazioarteko erakunde eta herrialdeen zerrenda bat dauka, baina ez du etxeko terrorismoaren estatuturik.
Antifa askotan agertu da eskuin muturreko taldeen aurkako jardueretan, tartean 2017an Charlottesvillen (Virginia) izan zen supremazista eta neonazien manifestazio batean. Arrazista batek protestari antifaxistak harrapatu zituen autoarekin, eta emakume bat hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen.
Trumpek polemika handia sortu zuen neonaziak eta ezkertiarrak jo zituelako indarkeriaren errudun, eta supremazista zurien artean "oso jende ona" zegoela esan zuelako.
Manifestariek ez dute etxeratzeko agindua bete Washingtonen