Mundua -
AEB
Bi hildako izan dira arrazagatiko istiluaetan, Floyden hilketaren ondoren
George Floyd 40 urteko gizonezkoa astelehenean hil zen Poliziak atxilotu zuenean, 20 dolarreko billete bat supermerkatu batean erabiltzen saiatzea leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
George Floyd gizonezko beltzaren heriotzak, Poliziak atxilotuta, istiluak zabaldu ditu AEBetako hiri ezberdinetan. Suteak, arpilatzeak eta manifestarien eta istiluak kontrolatzen saiatzen ari diren polizien liskarrak izan dira azken orduetan, hiri garrantzitsuetan.
Californiako Oakland hirian agente federal bat tiroz hil dute eta beste batek zauriak izan ditu, Lloyden heriotzahgatik piztutako protestetan.
Tiroketa Oakland Down Town barruti federalean gertatu da. Barne Segurtasun sailaren barruan dagoen Babes Federaleko Zerbitzuko bi agentek zauriak izan dituzte. Bat hil egin da, Poliziak aditzera emandakoaren arabera.
Bigarren hildako bat ere izan da, Detroit hirian. 19 urteko gaztea hil da bertan, tiroz hau ere.
Mineapolisen, Floyd hil zen hirian, eta azken hiru gauetan gertatu bezala, manifestariek entzungor egin diote etxeratze-aginduari, eta suteak, bandalismoa eta dendetan arpilatzeak izan dira. Ondorioz, 50 petrtsona atxilotu dituzte.
Protesten epizentroetako bat Bosgarren Barrutiko polizia etxea da, ostegunean Hirugarren Barrutiko polizia etxea erre ostean. Bart, erretako eraikinaren aurrean zenbait manifestari bildu dira; batzuk belauniko jarri dira, ukabila altxatuta.
Protestak George Floyden heriotzagatik piztu dira. 40 urteko gizonezko beltza astelehenean hil zen Poliziak atxilotu zuenean, ustez supermerkatu batean 20 dolarreko billete faltsu bat erabiltzen saiatzeagatik.
Oinezkoek grabatutako bideoetan ikustean denez, atxiloketan parte hartu zuten lau agenteetako batek Lloyd lurrean eusten ari da, minutu batzuetan belauna lepoaren kontra jarrita, Lloydek arnasa hartzeko dituen zailtasunei kasu egin barik.
“Mesedez, mesedez, mesedez, ezin dut arnasarik hartu. Mesedez”, esaten du Lloydek bideoan, hilzorian dagoela.
Lasaitasunerako deiak
Beltzen agintari zibilek lasaitasunerako deia egin arren, eta fiskaltzak Derek Chauvin Lloyd belaunarekin ito zuen agentearen aurkako akusazio formala aurkeztu duen arren, istiluak ez dira baretu. Chauvini hilketa eta zuhurtziagabeko homizidioa leporatu diote.
Polizia ohiari milioi erdi dolarreko fidantza ezarri diote eta 12 urteko kartzela zigorra jaso dezake.
Istiluak Atlantan
Atlantako hirigunean, CNN telebista kateko bulegoetatik gertu, manifestariek dendetako erakusleihoak hautsi zituzten eta poliziekin liskarrak izan zituzten. Agenteek gas negar-eragileekin banatzen saiatu ziren.
Manifestari batzuek harriak jaurti zituzten CNNko eraikinaren kontra eta pintaketak ere egin zituzten. Polizia autoen aurka ere harriak eta bestelako objektuak jaurti zituzten, eta ibilgailu batzuk erre ere egin zituzten.
Los Angeles eta New York
Los Angeles hirian, hiriguneak protestak orduetan luzatu ostean, liskarrak izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Manifestariek kaleak itxi eta ibilgailuetan kalteak eragin zituzten.
New Yorken, berriz, protestak, gehienbat, Brooklyn eta Manhattan auzoetan izan ziren, “beltzen bizitzak axola du” oihukatuz Poliziarekin istiluak izan ziren eta hamarka pertsona atxilotu zituzten.
Beste hiri batzuetan
Beste hiri batzuetan ere istiluak izan dira, kasu batzuetan larriak: Washington hiriburuan, Charlotte hirian (Ipar Carolinan), Houstonen eta Dallasen (Texas) eta Denverren (Colorado).