Mundua -
Hilketak
Neurri zorrotzak eskatu dituzte poliziak eragindako afroamerikarren hilketen aurrean
Jatorri afroamerikarreko herritar bat Poliziaren zaintzapean hil ostean, indarraren gehiegizko erabilerara jotzen duten agenteak zigortu egin behar direla adierazi du Michelle Bacheletek.
eitb.eus
Michelle Bachelet Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi-komisarioak George Floyd afroamerikarraren hilketa gaitzetsi du. Bideoan grabatu zuten heriotza, eta, hedabideetan eta sare sozialetan zabaldu ostean, protesta larriak eragin ditu Minneapolisen.
"AEBko poliziek eta indar publikoetako kideek desarmatutako afroamerikarren hilketen zerrenda luze baten azkena da kasu hau", azpimarratu du Bacheletek, eta atsekabea agertu du "George Floyden izena Breonna Taylor, Eric Garner, Michael Brown eta azken urteetan poliziaren esku hil diren beste hainbat afroamerikar desarmaturi gehitu behar izateagatik; Ahmaud Arbery eta Trayvon Martin ere agente publikoen eskuetan hil ziren".
Bacheletek "hilketak geldiarazteko neurri zorrotzak" hartzea eskatu die AEBko agintariei, eta, halakorik gertatuz gero, "justizia" egitea eskatu die. "Prozedurak aldatu, prebentziorako sistemak ezarri eta, batez ere, indarraren gehiegizko erabilerara jotzen duten polizia agenteak auzipetu eta zigortu behar dira", gaineratu du.
Denboran errepikatzen den ekintza bat
Agintari federalek ikerketa abiaraziko dutela iragarri duten arren, iraganean "arrazoi zalantzagarriengatik" hilketak justifikatu zituztela ohartarazi du, edo "neurri administratiboen bidez" ebatzi zirela azpimarratu du.
"Era berean, sakon aztertu behar da, heriotza horien atzean dagoen arraza-diskriminazio errotuak eta orokortuak", erantsi du.
Protestak baketsuak izan behar dira
Aldi berean, Floyden hilketak eragindako haserrea ulertzen duela adierazi du, eta protesta baketsuak egiteko eskatu die Minneapolisko eta herrialdeko beste hiri batzuetako biztanleei.
"Indarkeriak eta jabetzak suntsitzeak ez dute Poliziaren basakeriaren eta diskriminazio kontsakratuaren arazoa konponduko", esan du. "Justizia bermatzen duten manifestariei eskatzen diet beren eskaerak modu baketsuan adieraz ditzatela, eta poliziari eskatzen diot ahalik eta arreta handiena izan dezala egungo egoera are gehiago ez pizteko gehiegizko indarraren erabilerarekin".
Hedabideek zabaldu dutenez, "arazo mediko batek" eragin zuen astelehenean Floyden heriotza, AEBko Minneapolis hiriko Polizia Departamentuaren arabera.