Mundua -

Koronabirusa

COVID-19a berragertuko den susmoa du MOEk, eta txertoa 2021erako izatea espero du

Berragertze baten aurrean "hobeto prestatuta" egongo garela esan du Maria Neirak, eta "historiako txerto azkarrena" lortzeko baliabideak badaudela gaineratu du.

Plasma eta plazenta, Israeelen COVID-19aren aurka ikertzen ari diren aukerak. Argazkia: EFE
Zientzilari bat, Israelgo laborategi baten
Plasma eta plazenta, Israeelen COVID-19aren aurka ikertzen ari diren aukerak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko (MOE) Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendariak astearte honetan adierazi duenez, udazkenean COVID-19 gaitza berragertzeko "aukera handia dago", eta txertoa ez dela 2021era arte espero gaineratu du.

Genevan egin den "COVID-19aren etorkizuna. Eraginaren aurreikuspenak" mintegian Maria Neirak esan duenez, "aurreikuspenak ez dira betetzen", eta koronabirusak eragin duen osasun-krisitik ikasi beharra dagoela gaineratu du, litekeena delako birusa udazkenean berragertzea.

Koronabirusaren berragertze baten aurrean "hobeto prestatuta egongo gara", azpimarratu du Neirak. "Hartu diren neurriek birusa gehiago ez hedatzeko balio izan dute, baina ez haren transmisioarekin bukatzeko", horren esanetan, Kasu larri bilakatzen diren (% 5) kutsatuentzat protokolo terapeutikoak prest egongo direla erantsi du.

Gaixotasuna gainditu duten pertsonak kutsatzeen aurrean babestuta izaten direla, baina babes horrek zenbat irauten duen ez dakitela azaldu du asturiarrak. Arazoa da, ordea, herritarren zati txiki batek bakarrik izango duela babes hori, "birusetik ezkutatu garelako".

Txertoari buruz ere hitz egin du MOEko ordezkariak: "Historiako txerto azkarrena lortzeko baliabideak badaude, baina ez dugu baikorregiak izan behar, ziurrenik datorren urtera arte ez baita prest egongo. Inoiz ez dira horrenbeste baliabide zientifiko eta ekonomiko egon (8.000 milioi dolar), ezta halako borondate politikorik ere. Txertoa ahalik eta azkarren prest egon dadin ari dira lanean, baina ezin da prozesua gehiegi bizkortu, eman beharreko pauso batzuek ez dutelako uzten".

"Deseskalatze faseetan birusaren berragertzerik ez egoteko errezeta magikorik ez dago. Jendeak arduraz jokatzea oso garrantzitsua da. Herritarrek erantzun paregabea eman dute, eta zentzuz jokatu behar dugu, izurik eta euforiarik gabe", azaldu du Neirak.

Europako herrialdeak erreakzionatzeko gehiegi itxaron zuten galdetuta, horren ustez, "zaila zen hasieran birusaren indar pandemikoa ezagutzea, eta agian inork ez zuen uste halako eztanda izango zuela osasun-sistema garatuak dituzten herrialdeetan".

Hala ere, pandemiak argi utzi duen "ahultasun" bat izan da kutsatu diren osasun-langileen kopuru handia, ez baitziren hasieratik hartu babes-neurri egokiak, eta Lombardia (Italia) jarri du adibidetzat, ospitalea "transmisio gunea" izan zelako.

Koronabirusaren jatorriari buruz, konspirazio-teoriei kasurik ez egiteko eskatu du Neirak, jatorria naturala duela dioelako genomaren sekuentziazioak, eta birusa animaliatik (saguzarretik, ziurrenik) gizakira igaro zela, nahiz eta bitartekaria identifikatzea falta den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Osasun albisteak Sendagaiak albisteak Kanada Txertoak Asia Ozeania Koronabirusa MOE albisteak gaur