Mundua -
Koronabirusa
AEBrako immigrazioa "behin-behinean" eten du Trumpek, koronabirusa dela eta
Erabaki hori "bikainak" diren AEBko herritarren "lanpostuak babesteko" asmoz hartu duela ziurtatu du herrialde horretako presidenteak. Ez du zehaztu noiz arte iraungo duen neurriak.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) doazen immigranteei sarrera "behin-behinean" etetea erabaki du Donald Trump herrialde horretako presidenteak, koronabirusak eragindako pandemia dela eta. Ez du adierazi, ordea, noiz arte iraungo duen neurriak.
"Etsai ikusezinaren erasoaren argitan, agindu exekutibo bat sinatuko dut AEBrako immigrazioa aldi baterako eteteko", iragarri du Trumpek Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Horrez gain, erabaki hori "bikainak" diren AEBko herritarren "lanpostuak babesteko" hartu duela ziurtatu du.
Pandemia hasi zenetik, Trumpen gobernuak lurreko mugak itxi ditu Kanadarekin eta Mexikorekin. Halaber, nazioarteko hegaldiak etenda daude, eta kontsulatuek eta enbaxadek bisa zerbitzuak mugatu dituzte.
Gainera, AEBko Gobernuak bertan behera utzi ditu migrazio legeak, eta berehala deportatzen ditu Mexikora muga zeharkatzen duten asilo eskatzaile guztiak eta paperik gabeko etorkinak. Beraz, Trumpen gobernua migrazio politika gogortzeko erabiltzen ari da koronabirusak eragindako pandemia.
Etorkinen eskubideak babesten dituzten elkarteak kezkatuta agertu dira Trumpek larrialdiko neurriei eutsiko dielako, izan ere, migratzaileei buruzko legeak bertan behera utzi ditu koronabirusaren krisiaz harago.