Mundua -
Koronabirusa
Alemaniak 4.000 hildakoen langa gainditu du
Konfinamendua maiatzaren 3ra arte luzatu dute eta 4tik aurrera liburutegiak, zoologikoak eta zenbait denda zabaltzea aurreikusi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren pandemiak 137.000 pertsonatik gora kutsatu ditu Alemanian eta 4.000 baino gehiago hil ditu, Robert Koch Institutuak larunbatean aditzera emandako datuen arabera. Robert Koch Institutua gaixotasun kutsakorren jarraipenaz arduratzen den Alemaniako gobernuko agentzia da.
Azken 24 orduetan, Alemanian 3.609 koronabirus kasu berri antzeman dituzte, azken asteko daturik altuena, eta 242 hildako. Ondorioz, kutsatuak 137.439 dira orotara eta hildakoak, berriz, 4.110.
Lurraldeka, Baviera da kasu gehien dituena; 36.881 kutsatu eta 1.198 hildako. Ondoren Iparraldeko Renania-Westfalia dago (28.006 kutsatu eta 791 hildako), Baden-Wuerttemberg, (27.258 kasu eta 919 hildako); Renania-Palatinado (5.234 kasu eta 99 hildako); eta Berlin hiriburua (5.000 kasutik gora eta 91 hildako).
Konfinamendua, maiatzaren 3a arte
Alemaniako Gobernuak asteazkenean iragarri zuen mugikortasuna murrizteko neurriak maiatzaren 3ra arte luzatuko dituela. Hala ere, horrekin batera,mailakako malgutasunerako plana abian jarriko duela esan zuen.
Plan horretan aurreikusita daude, besteak beste, 800 metro karraturainoko txikizkako merkataritzako dendak zabaltzea, autoen eta bizikleten dendekin batera, DPA gobernuko albiste agentziak jakitera emandakoaren arabera.
Liburutegiak eta zoologikoak
Liburutegiek eta zoologikoek ere ateak zabaltzeko baimena izango dute, baina pertsonen arteko distantzia gordetzeko neurri zorrotzekin eta higienea mantentzeko obligazioarekin.