Mundua -
Koronabirusa Ekuadorren
Etxeratzeko aginduaren zain dira Guayaquilen, heriotzek gora egiten duten bitartean
Ekuador osoan hil diren 3.163 pertsonetatik 2.243 Guayaseko probintzian hil dira. Guayaquilen 300 hilotz etxeetatik jaso behar izan dituzte gorputegiak gainezka daudelako.
Agentziak | Erredakzioa
Guayaquilen hilobiratzeko hilotzak batzen jarraitzen dute biztanleen artean beldurra nagusi den bitartean, hiru eguneko etxeratzeko agindua ematea proposatu baitute agintariek, COVID-19aren eragina geldiarazten saiatzeko.
Pedro Pablo Duart, probintziako gobernadoreak etxeratzeko agindua emateko proposamen ofiziala egin du, baina, momentuz, ez dute onartu. Hala ere, eta proposamenaren berri izan ostean, goizeko lehen orduetatik ehunka pertsona banketxeen eta supermerkatuen inguruetan bildu dira dirua atera eta jatekoa erosteko.
Izua populazioaren artean zabaldu da birusaren eraginaren inguruko datuak aditzera eman direnean: azken orduetan 22 pertsona hil dira Guayaquilen eta hildakoen kopurua 122ra igo da, asteazkenean baino % 22 gehiago.
Orotara, Ekuadorreko kostaldean dagoen Guayaseko probintzian 2.243 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, Ekuador osoan 3.163 hil diren bitartean. Positiboei dagokienez, 1.520 antzeman dituzte, kutsatzeek eta heriotzek osasun sisteman kaosa eragiten ari direnean.
Hildako asko eta asko ezin izan dituzte lurperatu, zerbitzuek gainezka egin dutelako. Azken datuen arabera, 300 hilotz inguru etxeetatik bildu dituzte, gorputegiak gainezka daudelako eta Polizia Nazionaleko Kriminalistikako zerbitzuek ezin izan dituztelako jaso.
Guayaquileko alkatearen eskaera
Cynthia Viteri Guayaquileko alkateak udal zerbitzuek hilotzak jaso ahal izateko baimena eskatu dio Ekuadorreko gobernuari, hiriak bizi duen egoera "oso larria" ikusita.
Viterik duela bi aste iragarri zuen koronabirusak kutsatuta zegoela. Hilotzak jasotzeko baimenari dagokionez, "gorpuen garraioa segurtasun protokoloei jarraituta egiten dela ziurtatzeko bi lekukoren presentzia" eskatuko dutela azaldu du.