Mundua -
Koronabirusa
AEBko Senatuak pizgarri ekonomikoen inoizko sorta handiena onartu du
Koronabirusaren ondorioen aurkako 2,2 bilioi dolarreko plana ostiralean bozkatuko du Ordezkarien Ganberak eta Trupmen eskuetara iritsiko da. Presidenteak onartu egingo duela aurreratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak 2,2 bilioi dolarreko (1,7 bilioi euro) pizgarri ekonomikoen sorta bat onartu du bart, asteazkenarekin, herrialdeko historia modernoko handiena, koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egite aldera.
Neurri sortak aldeko 96 boto jaso zituen eta kontrakorik ez, nahiz eta demokratek ez aurrera ez atzera ibili duten plana hainbat egunez, ez baitzeuden ados Etxe Zuriak dirua banatzeko erabilitako irizpideekin.
Proiektua Ordezkarien Ganberara iritsiko da orain: ostiral goizean bozkatuko dute bertan ahoz gora, “hegaldien eskaintza mugatuta baitago (Washingtonera), hainbat kide koarentena egiten ari baitira eta estatu zenbaitetan etxean gelditzeko agindua baitago indarrean”.
Jarraian Donald Trump AEBko presidentearen eskuetara iritsiko da, eta horrek berehala onartuko duela aurreratu du.
Proposamenaren arabera, 250.000 milioi dolar zuzeneko ordainketak egitera bideratuko dituzte. Urtean 75.000 dolarretik beherako errenta duten norbanako eta familiek 1.200 dolar jasoko dituzte, eta 500 dolar gehiago 17 urtetik beherako adingabe bakoitzarengatik.
Halaber, 350.000 milioi dolar enpresa txikientzako maileguetara joango dira, eta 250.000 milioi gehiago, langabezia aseguruen onurak zabaltzera.
Horrez gain, 150.000 milioi dolar estatu eta hiri agintaritzak babestera bideratuko dituzte, eta 130.000, milioi osasun sistema indartzera, New York estatuan eta beste hainbat tokitan kolapsatzen hasia baita.
Agintariek emandako azken datuen arabera, pandemiaren ondorioz 68.000 pertsona kutsatu eta mila baino gehiago hil dira AEBn.