Mundua -
Koronabirusa
Pandemiak 340.000 pertsona kutsatu eta ia 15.000 hil ditu
Koronabirusak gogorren astindu dituen herrialdeak Txina, Italia, Ameriketako Estatu Batuak eta Espainia dira. Johns Hopkins unibertsitatearen arabera, 167 herrialde eta eskualdetara iritsi da birusa.
Agentziak | Erredakzioa
Wuhan hirian, Txina erdialdean, sortu zen koronabirusaren pandemiak 340.000 pertsona kutsatu eta 14.700 hil ditu dagoeneko mundu zabalean. AEB hirugarren da gaixo gehien duten herrialdeen zerrendan, Txinaren eta Italiaren ondoren, 35.000 kasu zenbatuta, eta horien ostean Espainia dago, 28.000 positibo jasota.
Gaur, astelehenarekin, Johns Hopkins unibertsitateak gaurkotutako zenbaketaren arabera, koronabirusaren pandemia 167 herrialde eta lurraldetara iritsi da, 341.365 pertsona kutsatu ditu eta 14.759 hil. Covid-19a, koronabirusak eragiten duen gaixotasuna, atzean utzi eta suspertu diren gizon-emakumeak, bestalde, 98.866 dira.
Alemania da kasu gehien dituen herrialdeetan bosgarrena, 24.879 kasu, 94 pertsona hil eta 266 alta zenbatu baitituzte bertan. Iran dago atzetik: 21.638 positibo, 1.685 hildako eta 7.913 pertsona sendatu.
Frantzian, 16.243 koronabirus kasu dituzte, 676 pertsona hil dira eta 2.201 sendatu, eta, ondoren, Hego Korea dago, zeinak orain ia kontrolpean baitu egoera, aste batzuetan Txinaren ostean kutsatze gehien izan dituen herrialdea izanagatik. 8.961 positibo, 111 hildako eta 3.166 pertsona sendatu daude Asiako herrialde horretan.