Mundua -

KORONABIRUSA

Txinan ez da koronabirusak kutsatutako kasu berririk, bigarren egunez jarraian

Dena dela, Txinako Gobernuak baieztatu duenez, "atzerritik inportatutako 39 koronabirus kasu berri" atzeman dituzte azken orduotan.

Beijing, Txina, atzo. Argazkia: EFE.
Beijing, Txina, atzo.
Beijing, Txina, atzo. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinan ez dute SARS-CoV-2 birusak kutsatutako kasu berririk atzeman azken 48 orduotan, bertako Gobernuko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. "Ez Wuhanen, pandemiaren epizentroan, ez eta Txinako gainerako herri eta hirietan ere ez dugu koronabirus kasu berririk izan, bigarren egunez jarraian", esan dute, ohar bidez.

Hori bai, "atzerritik inportatutako 39 koronabirus kasu berri" baieztatu dituzte Txinan, eta transmisio bide hori galaraztea da, orain, bertako agintarien lehentasuna. Orotara, 228 "kasu inportatu" atzeman dituzte, eta horietatik hiru hil dira.

Azken kasu horien guztien jatorria, zein herrialdetatik joan den atzera bueltan birusa, ez dute zehaztu, baina bai zein probintziatan baieztatu dituzten positiboak: bederatzi kasu Guangdongen, zortzi Shanghain, sei Pekinen eta hiru Fujianen. Bana, berriz, Tianjin, Liaoning, Heilongjiang, Zhejiang, Shandong, Guangxi, Sichuan eta Gansu probintzietan.

Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, orotara 80.967 koronabirus kasu atzeman dituzte herrialde hartan, eta 3.248 pertsona hil dira COVID-19ak jota.

Larri daudenen kopurua jaisten ari dela azpimarratu  dute Txinako agintariek; hala, 2.136 dira ospitaleetan egoera larrian daudenak.

Itxura guztien arabera, Txinan okerrena igaro dela ematen duenean, mundu osoan ari da zabaltzen birusa, eta geroz eta herrialde gehiago ari dira hedapenari aurre egiteko neurri zorrotzak hartzen.

Pandemiatzat jo du COVID-19 gaitza Osasunaren Munduko Erakundeak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa