Mundua -
KORONABIRUSA
Italiak hipoteken ordainketak etengo ditu koronabirusagatik
Italiak ekonomia suspertzeko 7.500 milioi euroko aurrekontua duen plan bat ezartzeko asmoa iragarri zuen azken astean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako gobernuak ekonomia suspertzeko neurriak dituen dekretu bat egiteko asmoa du koronabirusagatik. Neurrietako bat faktura eta zerga batzuen ordainketa etetea izango da, baita familien hipoteken ordainketa ere, Laura Castelli Ekonomia ministrordearen arabera.
Bihar Parlamentuan onartuko den neurri horiek jasotzen dituen dekretua herrialde osoan ezarriko dela zehaztu du Castellik Italiako Radio Anch'io irratian egindako adierazpenetan.
"Parte fiskal garrantzitsu bat egongo da ekarpenen ordainketen etetearekin, zergen atxikipenekin…" nabarmendu du Castellik. Horrek hipoteken ordainketen luzamendua eragingo duen galdetzean, "dena etengo da", azpimarratu du, enpresa txikien eta familien hipotekei eragingo diela baieztatuz.
Italiak ekonomia suspertzeko 7.500 milioi euroko aurrekontua duen plan bat ezartzeko asmoa iragarri zuen azken astean koronabirusaren inpaktua arintzeko. Horrek Bruselarekin egindako aurrekontu konpromisoa baino 6.350 milioi euro gehiagoko kostua duten neurriak barnebiltzen ditu.
Horri dagokionez, Italiako Gobernuak koronabirusari eta honek ekonomian izandako inpaktuari aurre egiteko onartutako aparteko gastua defizitaren kalkulutik kanpo geratuko dela adierazi du Europako Batzordeak. Hori dela eta, ez da kontuan hartuko herrialdeko helburu fiskalen betetzea ebaluatzean.