Mundua -
Koronabirusa
Martxoaren 15era arte ikastetxeak eta unibertsitateak itxita egongo dira Italian
Oraingoz, 3.000 kasu baino gehiago baieztatu dituzte eta 107 pertsona hil dira koronabirusak jota.
Agentziak | erredakzioa
Italiako Gobernuak herrialdeko ikastetxe, institutu eta unibertsitate guztiak ixteko agindua ematekotan omen dago asteazken honetan, martxoaren 15era arte, koronavirusa geldiarazteko ahaleginen barruan.
Italiako hedabideek jakitera eman dutenez, erabakia Giuseppe Conte buru duen Exekutiboak gaur goizean egindako bileran hartu dute, eta datozen orduetan jakinaraziko dute formalki, baina lehenik adituen iritzia jaso nahi omen dute.
Azken datu ofizialen arabera, orain arte Italian 3.000 koronabirus kasu baino gehiago eta 107 hildako zenbatu dituzte. Beste herrialde batzuetan gertatu diren kasu batzuk hemendik esportatu dituzte, oro har Italiako iparraldea bisitatu zuten pertsonek, eta hori izan da agerraldiaren foku nagusia.
Bestalde, Stefano Patuanelli Garapen Ekonomikorako ministroak bere burua koarentenan jartzea erabaki du, nahiz eta oraingoz analisiek negatibo eman duten, joan den otsailaren 25ean Alessandro Mattinzoli Lombardiako kontseilariarekin bildu baitzen, eta hark positibo eman dio Covid-19ri, AdnKronos agentziak jakitera eman duenez.
Bestalde, Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak martxoaren 10etik 12ra Mozambikera egitekoa zuen bidaia atzeratu egin dute, La Repubblica egunkariaren arabera.