Mundua -
KORONABIRUSA
Koronabirusak bi hildako utzi ditu jada Italian
Gainera, gutxienez 60 pertsona kutsatu dira Lombardia, Veneto, Emilia Romagna eta Piamonten. 47.000 biztanle baino gehiagori isolamendu egoera ezarri diete.
agentziak | erredakzioa
Covid-19 birusak, koronabirusa izenarekin ezagunagoa denak, lehendabiziko bi hildako utzi ditu Italian: zehaztu gabeko adineko emakumezko bat eta 78 urteko gizonezko bat. Schiavoniako Ospitalean zegoen gizona ingresatuta, Paduan, koronabirusaren aterketan positibo eman eta gero, eta bertan zendu da, Luca Zaia Venetoko gobernadoreak baieztatu duenez. Emakumea, berriz, Venetoko bizilaguna zen.
Italiako Gobernuko osasun arduradunek emandako azken datuen arabera, gutxienez 60 pertsona kutsatu dira Lombardia, Veneto, Emilia Romagna eta Piamonten. Ondorioz, eskualde horretako 10 herritan isolamendu neurriak ezarri dituzte. Denera, 47.500 herritar inguru bizi dira bertan.
Bestalde, birusarekin kutsatuta daudenekin azken egunotan harremanetan egon diren ehun pertsona identifikatu dituzte, eta horiek "zaintza aktiboan" daude, badaezpadako neurri gisa.
"Ez dugu izua zabaldu behar, baina hartutako neurriak beharrezkoak direla jakinarazi behar diogu gizarteari", esan du Attilio Fontana Lombardiako presidenteak.
Txinan, 2.000 hildako baino gehiago
Txinako Osasun Ministerioak atzo zabaldutako datuen arabera, 2.236 hildako utzi ditu jada koronabirusak Txinan, eta 75.465 pertsona daude ospitaleratuta.