Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Iowako 'caucus'aren emaitzak eman ezinik abiatu ditu primarioak Alderdi Demokratak

Alderdi Demokrataren bozeramaileek aitortu dutenez, "denbora" beharko dute emaitzak kaleratzeko, noiz egingo duten zehaztu barik. Errepublikanoen artean, Donald Trump gailendu da Iowan.

Hainbat lagun Iowako 'caucus'ean izena ematen, Lincoln institutuan. EFE
Hainbat lagun Iowako 'caucus'ean izena ematen, Lincoln institutuan.
Hainbat lagun Iowako 'caucus'ean izena ematen, Lincoln institutuan. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Demokratak gorabeherekin abiatu ditu Iowa estatuko (Ameriketako Estatu Batuak, AEB) 'caucus' edo barne-hauteskundeak. Zenbaketan "arazoak" antzeman dituztela-eta, oraingoz emaitzen berri ez ematea erabaki dute; are, ez dute zehaztu noiz jakinaraziko dituzten. AEBko presidentegaia aukeratzeko bidean egiten diren hauteskunde bereziak dira 'caucus'ak.

"Argi dago zerbait txarto atera dela", adierazi diote funtzionario demokratek CNN telebista kateari. Hasiera batean, botoa emateko aplikazioak kale egin zuela adierazi diote hedabide horri.

Mandy McClure Iowako Alderdi Demokrataren Komunikazio zuzendariak, ordea, erabat ukatu du aplikazioa erori izana, eta zehaztu du txosten batzuetan "gorabeherak" egon direla, "besterik ez".

"Botoak zenbatzeko erabili ohi dugun sistema teknologikoaz gain, emaitzen argazkiak eta paperak begiratzen ari gara denak bat egiten ote duen egiaztatzeko eta datu fidagarriak emateko", nabarmendu du McClurek.

Berez, Iowan 22:00etarako espero ziren emaitzak (05:00etan, Euskal Herrian).

Hautagai demokrata nagusiek hitzaldiak egin dituzte euren jarraitzaileen aurrean, emaitzen zain egon barik. Are, horietako batzuek, Bidenek tartean, aurreikusitako planari eutsi diote eta New Hampshirera jo dute (gaur zortzi han dira 'caucus'ak). 

Trump gailendu da Iowan

Brad Parscale Donald Trump presidente errepublikanoaren kanpaina arduradunak iradoki du Alderdi Demokrata emaitzetan "iruzurra egiten" ari dela, eta barregarri utzi nahi izan ditu: "Hauek al dira gure osasun sistema kudeatu behar dituztenak?, galdetu du.

Alderdi Errepublikanoan ez da ezusterik izan eta Trumpek irabazi ditu barne-hauteskundeak, botoen % 97rekin. Izan ere, aurre egin diezaiokeen hautagairik ez dago errepublikanoen artean. Bill Weld Massachsettseko gobernadore ohiak eta Joe Walsh Illinoiseko kongresista izandakoak beste hautagaiek baino emaitza hobeak lortu dituzte, dena den.

"Hondamendiari" iseka egin dio Trumpek

Bestalde, Donald Trump AEBko presidentearen iritziz, Alderdi Demokratak Iowan egindako barne-hauteskundeak "aurrekaririk gabeko hondamendia" izan dira, emaitzen berri emateko unea atzeratu behar izan baitute zenbaketan arazoak atzeman ostean.

"Ez dabil ezer, herrialdea haiek gobernatzen dutenean bezala", esan du Trumpek atzo egindako bozketen inguruan. Testuinguru horretan, Iowan "garaipen zabala" aldarrikatu dezakeen pertsona bakarra bera dela ziurtatu du. Alderdi Errepublikanoaren jarraitzaileen artean, bere hautagaitzak babes handia izan zuen (% 97).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak