Mundua -

Gatazka

AEBk Soleimani Irango jenerala hil du, Bagdadeko aireportuan egindako eraso batean

AEBren enbaxadan izandako manifestazioen ostean, egoerak okerrera egin du bi herrialdeen artean. Segurtasun indarrek gas negar-eragileak erabili zituzten herritarrak sakabanatzeko.

Qassen Soleimani jeneral irandarra. Artxiboko argazkia: EFE
Qassen Soleimani jeneral irandarra.
AEBk Soleimani jeneral irandarra hil du Bagdaden egindako eraso batean

0:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Qassen Soleimani Irango jenerala hil duela aldarrikatu du ostiral honetan, Bagdadeko aireportuan egindako eraso batean, "inguru horretan dauden langile estatubatuarrak babesteko asmoz".

Pentagonoak ohar batean azaldu duenez, Donald Trump AEBko presidentea izan da erasoa agindu duena, Soleimani "Iraken eta eskualde osoan diplomatiko estatubatuarrei eraso egiteko planak aktiboki zuzentzen" ari zela iritzita.

Halaber, asteartean eta asteazkenean AEBk Iraken eta Sirian Kataib Hezbola miliziaren aurka egindako bonbardaketek eragindako manifestazioak izan ditu hizpide Washingtonek. Etxe Zuriak ohar horretan azpimarratu duenez, "AEBren enbaxadari egindako erasoak onartu zituen Soleimanik".

Testuinguru horretan, "Iranek etorkizunean eraso egiteko zituen planak burutik kentzea" izan da AEBren helburua. “Estatubatuarrak eta gure interesak munduko edozein lekutan babesteko beharrezko neurriak hartzen jarraituko dugu", ondorioztatu du Pentagonoak.

Horren aurrean, Mohamad Javad Zarif Irango Kanpo ministroak nabarmendu du eraso horrek ekar ditzakeen “ondorio guztien erantzulea” dela AEB. Ildo horretatik, “nazioarteko terrorismotzat” jo du gertatutakoa, Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Ali Jamenei aiatolak, "mendeku gogorra” iragarri du. Gainera, Mohsen Rezai Irango komandante militar ohiak sare sozial horretan ohartarazi du Washingtonen erasoaren aurrean "irmotasunez” erantzungo Iranek.

Brent petrolio upelaren prezioa % 4 baino gehiago igo da ostiral honetan Europan, eta 69 dolarretik gora kotizatzen ari da. Soleimanirekin batera, Abu Mahdi al Muhandis Irakeko milizia xiiten koalizioko burua hil da.

Aurretik, eraso horretn Muhamad al Jabri Harreman Publikoetarako zuzendaria hil dela jakinarazi dute Herri Mobilizazio Unitateek.

Ordu batzuk lehenago, Irakeko Segurtasunerako Informazio Zentroak jakinarazi du hainbat lagun zauritu direla eraso horretan, AEBk Bagdadeko aireportutik gertu hiru misil jaurti ostean. Horren aurrean, aireportua itxi dute, eta Irakeko hiriburuan aurreikusitako hegaldi guztiak atzeratu dituzte.

Irakeko agintariek horren argazki batzuk zabaldu dituzte oharrarekin batera, eta, misilak, zama gelatik gertu erori direla gaineratu dute. Ildo horretatik, bi ibilgailu kiskali direla esan dute.

Bestalde, Al Sumaria tokiko telebista kateak jakinarazi du misilak kanpaleku batean erori direla, eta zauritutako pertsonen artean bi soldadu daudela. Gainera, adierazi duenez, "misiletako bat nazioarteko koalizioko indarren eraikin batetik gertu erori da".

Asteartean eta asteazkenean AEBren enbaxadan izandako manifestazioen ostean, egoerak okerrera egin du bi herrialdeen artean, Bagdaden.

Segurtasun indarrek gas negar-eragileak erabili zituzten herritarrak sakabanatzeko, AEBren aurkako mezuak oihukatzen zituzten bitartean. Instalazio horietako gune batzuk erre zituzten, eta manifestari batzuk eraikinaren harresia eskalatzen saiatu ziren.

Zehazki, AEBk Iraken eta Sirian Kataib Hezbola miliziaren aurka egindako bonbardaketei erantzunez egin zituzten protestak. Etxe Zuriak, joan den astean burututako eraso batean Ipar Amerikako herritar bat hil izana leporatzen diote milizia horri, eta, arrazoi horregatik egin dituzte bonbardaketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump Irak gaur Ekialde Hurbileko albisteak