Mundua -

Lurrikara

Gutxienez 20 pertsona hil dira Albanian, 6,4 graduko lurrikara baten eraginez

Itsaso Adriatikoan kokatu dute epizentroa, hamar kilometroko sakoneran, hiriburutik 34 kilometro ipar-mendebaldera.

6,4 graduko lurrikara Albanian. ETBko bideo batetik hartutako irudia
6,4 graduko lurrikara Albanian.
6,4 graduko lurrikara batek Albania astindu du

0:44

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 21 pertsona hil eta seiehundik gora zauritu dira astearte honetan Albanian, Richter eskalan 6,4 graduko indarra izan duen lurrikara baten eraginez. Gainera, hainbat erreplika izan dira Albaniako hiriburuan, Tiranan, astindu horren ostean.

Albaniako Geozientzien Institutuaren arabera, lurrikara 03:54an gertatu da (02:54 GMT), eta epizentroa Adriatikoan kokatu dute, hamar kilometroko sakoneran, hiriburutik 34 kilometro ipar-mendebaldera.

Richter eskalan 6,4 graduko indarra izan duen astindu horren eraginez, eraikin ugari erori dira, eta kaltetutako hirietako biztanleak izututa atera dira kalera.

Tokiko agintariek jakitera eman dutenez, medikuek gutxienez 600 lagun artatu dituzte Tiranako eta Durresko ospitaleetan.

Larrialdi zerbitzuek Durres hirian topatu dute lehen biktima: eraikin bat eraitsi denean lurperatuta geratu den emakume bat. Kostaldeko hiri hori izan da lurrikararen ondorioz kalte handienak jasan dituena.

"Durresen eta hortik gertu dagoen Thumane herrian lurperatuta geratu diren herritarrak erreskatatzen ari dira suhiltzaileak", zehaztu du Defentsa Ministerioko bozeramaile batek, eta biktimetako bat erabat izututa leiho batetik behera salto eginda hil dela azaldu du.

Testuinguru horretan, larrialdi zerbitzuak beste pertsona batzuk erreskatatzeko lanean ari dira, tartean, eraikin batean harrapatuta geratu diren bi familiako kideak.

Albaniako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, Tirana iparraldeko Thumano herrixkan hainbat eraikin erori dira, eta larrialdi zerbitzuek bi emakumeren gorpuak berreskuratu dituzte.

Herrixka horretan erori den eraikina batean, zazpi familia bizi ziren, eta larrialdi zerbitzuko kideak biktima gehiago bilatzen ari dira hondakinen artean.

Edi Rama Albaniako lehen ministroaren hitzetan, "zoritxarrez hildakoak" eragin ditu lurrikarak, eta "kalte material larriak" utzi ditu herrialdean.

Horren esanetan, Durres kostaldeko hirira joango da berehala, lurrikararen ondorioz kalte handienak jasan dituen hiria baita. Azken orduetan, hainbat erreplika erregistratu dira, azkena 07:08an (06:08 GMT), Richter eskalan 6,4 graduko indarra izan duena.

Lurrikarak 30 bat segundo iraun du, eta horren dardara herrialde osoan sentitu da, baita Bulgarian, Bosnia-Herzegovinan, Kroazian, Italian, Kosovon, Montenegron, Serbian eta Ipar Mazedonian ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Grezia Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Italia Lurrikarak Montenegro Sumendien erupzioek kaltetutakoak