Mundua -

AEB

Pelosik iragarri du kargutik kentzeko prozesua abiatuko dutela Trumpen aurka

'Impeachment' prozesua presidentea kargutik kentzeko prozesua da, epaiketa politiko bat, eta Ukrainari ustez egindako presioek sortutako polemikan du sorburua.

Donald Trump AEbko presidentea. Argazkia: Efe
Donald Trump AEbko presidentea. Argazkia: Efe
Donald Trump kargutik kentzeko prozesua abiatuko du AEBko Ordezkarien Ganberak

2:07

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nancy Pelosi AEBko Behe Ganberako presidenteak iragarri du Kongresuak epaiketa politikoa, impeachment bat (kargutik kentzeko prozesua), abiatuko duela Donald Trump presidentearen aurka, Ukrainari laguntzeko funtsak blokeatu zituela eta Kievi Joe Biden presidenteorde ohia eta bere familia iker zezan presioa egin ziola argitara atera ostean.

"Gaur iragartzen dut Ordezkarien Ganberak ofizialki hasi duela epaiketa politikoaren prozesua", adierazi du Pelosik prentsaurreko batean, Ordezkarien Ganberako kide demokratekin bildu ostean.

"Presidenteari kontuak eskatu behar zaizkio; inor ez dago legearen gainetik", gaineratu du.

Pelosik azpimarratu du Trumpek "traizioa" egin diola "karguaren zinari, segurtasun nazionalari eta hauteskundeei".

Bertako hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, Behe Ganberako 235 legegile demokratetatik 163k dagoeneko publikoki agertu diote atxikimendua epaiketa politikoari, AEBn impeachment deitzen zaion prozesuari.

Ordezkarien Ganberako gehiengo sinplea, 218 boto, beharko litzateke prozedura abian jartzeko, eta aurrerakoiek gehiengoa dute. Hala ere, Senatuaren oniritzia ere behar dute, eta hor errepublikanoek dute gehiengoa, eta gelditu egin dezakete prozedura.

"Sorgin ehiza"

Nazio Batuen Erakundearen egoitzatik egindako adierazpenetan, Trumpek esan du epaiketa politikoa egitea "sorgin ehiza" izango litzatekeela.

"JAZARPENA PRESIDENTEARI!", oihukatu du Trumpek beste txio batean, garai batean, 2016ko hauteskundeetan ustez Errusiak izandako eskuhartzearen harira, hainbatetan erabili zuen esaldia errepikatzen.

 

"Sinets dezakezue?" galdetu die Trumpek jarraitzaileei, epaiketa politikoaren ardura gehien kritikatzen dituen kongresista demokratei leporatu ondoren: "Pelosi, Nadler, Schiff, eta noski, Maxine Waters!".

Trumpek, NBEren Asanblada Orokorrean, eman zuen lehenengo bertsioa aldatu du, eta baieztatu egin du Ukrainari laguntzeko funtsak blokeatu zituela, baina argudiatu du Frantziari eta Alemaniari presioa egiteko egin zuela, diru gehiago jar zezaten.

Geroago, agintariak iragarri du asteazken honetan bertan zabalduko duela Vladimir Zelenski Ukrainako presidentearekin izan zuen elkarrizketaren "transkripzio osoa" eta "desklasifikatua".

Impeachment

Presidentearen aurkako akusazioetan oinarritutako kargugabetze prozesua da impeachmenta. Britainia Handian bezalaxe, Kongresua da prozesua abian jartzen duena, eta Senatua epaiketa politikoaz arduratzen dena. Presidentea kargutik kentzeko, beharrezkoa da senatarien bi herenak babestea. AEBn 14 epaiketa politiko egin dituzte guztira, baina lau bakarrik amaitu ziren zigorrarekin. Gainera, bi presidente bakarrik (Bill Clinton izan zen bat) epaitu dituzte prozedura horren bitartez, eta biak absolbitu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump