Mundua -

Venezuela

Maduroren Gobernuak elkarrizketak abiatzea adostu du oposizioaren zati batekin

Beste neurrien artean, diputatu 'chavistak' Asanblea Nazionalera itzultzea eta Hauteskunde Batzorde Nazionala berritzea itundu dute. Guaidoren ustez, akordioa 'arduragabekeria' bat da.

Gobernuaren eta oposizioaren ordezkariak, sinadura ekitaldian. Argazkia: EFE
Gobernuaren eta oposizioaren ordezkariak, sinadura ekitaldian.
Gobernuaren eta oposizioaren ordezkariak, sinadura ekitaldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osloko eta Barbadoseko negoziazioek kale egin ostean, beste ildo bati ekin dio Maduroren Gobernuak: oposizioko talde txikiekin akordioa erdietsi du elkarrizketei berriro heltzeko.

Venezuelako Gobernuak honakoekin lortu du ituna: Herni Falcon buruzagi chavista ohiaren AP, MAS alderdia, Irtenbideak Venezuelarentzat, Irtenbideak eta Alda dezagun. Alderdi txiki horiek Batasun Demokratikoaren Mahaiaren parte izan ziren, baina erakundetik atera ziren, desadostasunak tarteko.

Astelehen honetan sinatu dute akordioa, eta negoziazio mahai bat osatzea du helburu. Dena dela, hainbat neurri adostu dituzte jada. Hala nola, PSUV alderdi chavistaren diputatuak Asanblea Nazionalera itzultzea edota Hauteskunde Batzorde Nazionala berritzea.

Horrez gain, "Bizitzaren Batzordearen bitartez, justizia sistemari galde egitea posible den kasuetan preso politikoak libre uztea".

Era berean, Venezuelaren kontrako "zigor ekonomikoak" gaitzetsi eta horiek bertan behera uzteko eskatu dute. Proposamenen artean, "elikagaiak eta botikak petrolioaren truke ematea" planteatu dute.

Oposizioko beste kideek ituna kritikatu dute

Juan Guaido oposizioko buruzagi eta Asanblea Nazionalaren presidenteak esan du akordioa "arduragabekeria" dela. "Larrialdiari aurre egiteko, egonkortasuna eta gobernagarritasuna lortzeko proposamen argi bat dugu guk. Erregimenak aurretik ere egin ditu ditu tankerako proposamenak. Azaleko konponbideak proposatzea arduragabekeria da, sadikoa".

Oposizioko gainerako buruzagi ezagunek ere estu hartu dute akordioa, eta "parodiatzat" jo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó